Urtero legez, baserriko produktuen erakuslehio bilakatu da Gernika-Lumo Urriko Azken Astelehenean. Iragarpenak jarraituta, euria egin du, eta tarteka, aterkipean egon behar izan dira udalerriara hurbildutakoak. Aurten, Gernika-Lumoko Udalak esan bezala, 55.000 lagun hartu ditu urri bukaerako hitzorduak; iaz baino 25.000 pertsona gutxiago.
Euripean zabaldu dute azoka 09:00etan, eta 15:00ak bitartean zer saldu eta zer erosi izan dute udalerrian bildutakoek. Guztira, iazko moduan, 333 postu jarri dituzte herriko kaleetan zehar; postu gehienak gaztarenak izan dira – 52-. Hala ere, artisauen 50 postu jarri dituzte, ortuarien 45, ogiaren eta euskal pastelaren 42, txakolinaren 19, makinariaren 16, kontserben 13, fruten 8, sagardoaren 6, erroskilen 5, eta eztiaren eta esnekien 4 postu hurrenez hurren.
Tarteka euria egin arren, baserritarrak goiz hurbildu dira Gernika-Lumora eta 09:00etarako dena prest izan dute. Artekale kalean 66 saltoki jarri dituzte eta 50 Pasealekuan. 48 egon dira San Juan kalean, 46 Juan Calzadan eta 42 Santa Ana aparkalekuan. 40 salmahai ikusi ahal izan dira Industria kalean, 20 Domingo Alegrian eta 7 San Juan Ibarran. Txosnak, berriz, Foruen plazan, Industria kalean, Saraspen, Alhondigan, San Juan Ibarran eta Juan Calzadan egon dira.
Jende mugimendua nabaria izan da goizetik. Euskal Herriko ekoizleek zer ekarri duten ikusteko hamaika postu eta produktu izan dituzte aukeran herritarrek. Batzuk postuak ikustera hurbildu dira, beste batzuk, baina, dastatzera eta erostera. Salmahaiak ez ezik, txosnak ere jendez betetzen hasi dira eguerdirako, tradizioari eutsiz, taloa jan dute askok. Agintarien harrera. Inguruetako herritarrak ez ezik, euskal erakundeetako agintariak ere hurbildu dira udalerrira eguerdian. Hala, Jose Mari Gorroño alkateak hartu ditu udaletxean. “Euskal Herri guztiko zoroko produktu onenak biltzen ditu azokak. Gainera, azokan sortzen den pertsonen arteko harremana da garrantzitsuena. Produktuen kalitatea baloratu behar da, baina baita herritarren arteko hartu emana ere”, adierazi du alkateak.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia ere egon da, eta Urriko Azken Astelehena Euskal Herriko azoka garrantzitsuenetarikoa dela esan du, Santo Tomasekoagaz batera. “Garrantzitsua da azoketan lortzen den baserritarren eta herritarren arteko harreman zuzena. Baserritarren bizitza gogorra da eta produktuekiko duten kontaktu zuzena ezinbestekoa da ekoizpen ona edukitzeko”.
Urtero modura, bertsolariek alaitu dute eguerdian Merkurio ingurua. Eta horien saioa bukatu bezain laster hasi dute ortuarien, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta apaintzeko loreen lehiaketako sari banaketa, eguraldia lagun. Hala ere, enkantea hasi orduko, euria hasi eta aterkiak atera behar izan dituzte, berriro.
Aurten, iaz saritutako batzuk ere igo dira taulagainera. Galarretako Azkarra irabazi du gazta onenaren saria. Begoña Lunbrerasek eraman du barazki onenen saria, eta lore onenak, Portuberrirenak izan dira. Txilar eztietan, hirugarren urtez, Kortezubiko Jabier Larrinaga izan da onena. Eta frutetan, bigarrenez, Itziar Etxebarriak jaso du sari nagusia.
Giroak ez du etenik izan, eta porru festaz gozatu dute Astran, arratsaldean.
Udalak esan duenez, bihar ere itxita egongo dira Adolfo Urioste, San Juan, Artekalea eta Juan Calzada kaleak, garbiketa lanak direla eta.
*GAURKO ARGAZKI BILDUMAK:
-EGUERDIKO ARGAZKI GALERIA-GOIZEKO ARGAZKI GALERIA
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.