Basurdeek
Urbietan irabazi duten lehen partidua izan zen atzokoa. CR La Villari 18-13 irabazi zion talde gernikarrak, 6. jardunaldian.
Gainera, asteburuko emaitzen ostean, azken postutik irtetea lortu du; Complutense Cisneros dago sailkapenaren hondarrean, 8 puntugaz. Gernika RT azken aurreko postuan dago 11 puntugaz, eta aurretik puntu kopuru beragaz dago Hernani CRE.
Heineken Ligan hasiera eskasa izan du taldeak, baina, orain,
bi partidu jarraian irabazi ditu.
Basurdeak
etxeko lehen garaipenaren bila zelairatu ziren atzo eguerdian, eta partidu hasiera bizia izan zen. Santi Viaña eta Joaquin Palisa argentinarren arteko jokaldi baten ostean, Xabier Albizuak izan zuen markagailua estreinatzeko lehen aukera garbia. Albizuak ez zuen lortu, baina, berehala etorri ziren etxekoen lehen puntuak. Zigor kolpe bati esker, Viañak lehen hiru puntuak eskuratu zituen.
Hurrengo minutuetan talde valentziarra esnatu, eta etxekoen zelaian sartzen hasi zen. Jokoan presentzia bereganatzea zen helburua, baina, ez zuten arrisku handiko jokaldirik sortu. Gero, bi taldeak berdintsu zirela ailegatu zen etxekoen lehen entsegua; Viañak ez zuen transformatu.
Argazkia: Anuar Gomez.
8-0ko markagailuagaz sartu ziren lehen zatiko azken txanpara.
La Villako jokalariak
puntuak lortzeko ahalegin betean aritu ziren. Erasoko jokaldiekin saiatu ziren etenik barik, baina, etxekoen defentsa sendoak puntuak lortzea eragotsi zien. Hala, Eneko Zabalak txartel horia ikusi zuen, eta bisitariek beren lehen entsegua egin zuten: 8-5. Emaitza horrekin joan ziren aldageletara.
Lehen zatiaren amaieran valentziarrek euren jokoa hobetu zuten, eta bigarren zatia ere indartsu hasi zuten. Basurdeak estu hartu zituzten, eta
markagailua berdintzea lortu zuten. Alabaina, bisitarien momenturik onenetan, etxeko taldeak beste entsegu bategaz erantzun zien (13-8). Viañaren entseguari jarraituz, Bruno Mercantik beste marka bat lortu zuen, errenta hamar puntura handituz: 18-10.
Hala ere, garaipena lortzeko borrokan ziren bi taldeak, eta ondorioz, jokaldi guztiek zuten berebiziko garrantzia. Hala, 77. minutuan valentziarrek entsegua egin zuten, markagailuko aldea murriztuz: 18-13. Eta partiduko azken minutuetan zenbait jokaldi arriskutsu egin zituzten. Hala ere, talde gernikarraren defentsa lan sendoari esker bost puntuko aldeagaz amaitu zuten norgehiagoka.