Iruñeko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte gaur Bermeon eta Gernika-Lumon
Joan den urriaren 16an, sua piztu zen Iruñeko Kale Nagusiko etxebizitza batean, eta emakume bat larri zaurituta eraman zuten Zaragozako Miguel Servet ospitalera. Emakumea atzo hil zen jasandako erreduren ondorioz. Yolanda Jaen Gomez zuen izena eta 50 urte zituen. Bezperan haren bikotekidea espetxeratu zuen epaileak emakumea hiltzea leporatuta.
Bermeon zein Gernika-Lumon, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean elkartuko dira, gaur. Sorginorratz, Norez eta Erroxape taldeek egin dute deialdia Bermeon, eta 20:00etan Lameran biltzeko hitzordua jarri dute. Harrizko bankuaren parean elkartuko dira, ohi legez, eta elkarretaratze zaratatsua egingo dutela aurreratu dute.
Gernika-Lumon, bestalde, sare feministak deitu ditu herritarrak elkarretaratzean parte hartzera. 19:30ean jarri dute hitzordua Merkurion. 2018an indarkeria matxistak dagoeneko zazpi emakume erahil dituela eta “nahikoa” dela salatuko dute; “Berriro ere gure hasarrea adieraziko dugu kalean”.