Spar Citylift Gironak Emakumezkoen Ligaren talde indartsuenetakoa dela erakutsi du azken urteotan ( azken hiruretan txapeldunorde geratu da, eta orain dela lau denboraldi irabazi egin zuen), eta EuroCup-ean ere borrokatzeko gogotsu dagoela erakutsi du. Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup Women txapelketako
Taldekako Faseko lehen partidua jokatu zuen atzo, Gironan. Etxeko taldea 80-57 nagusitu zen.
Gernika-Lumoko taldea ahalegindu zen, baina, talde katalanaren nagusitasuna ezin izan zuen apurtu. Partidua amaitu berritan,
Juana Molina jokalariak adierazi zuenez, Gironaren kontra %100ean jokatu behar da, “eremu edota maila guztietan”. Aurre egiteko partidu borobila egin behar dela zehaztu, eta neurketaren hasieran huts egiteak izan zituztela aitortu zuen. “Batik bat defentsan izan ditugu akatsak, eta berez, horretan gara abilenak. Saskiratzeak egitea erraz lortu dute. Bi parteak nahiko antzekoak izan badira ere, atsedenaldira arte nahiko ondo eutsi dugu. Baina, jokaldi bakoitza ondo aprobetxatu dute, guri min emanez. Ez dugu aurre egiten asmatu”.
Aurkariaren huts egite bakoitza “aurkaria zigortzeko” baliatzen duen taldea dela azpimarratu zuen. Bere ustez, defentsan ondo ez aritzeak eragin zuzena izan zuen: ” Normalean defentsa lanak erasoan aukera asko ematen dizkigu, eta gaur [atzogatik] ez dugu hori ondo irakurri eta sendotzen asmatu”.
Argazkia: Gernika KESB.
Mario Lopez entrenatzaileak ere partidu hasiera “txarra” izan zela adierazi zuen, “huts egite askokoa”. Lehen laurdenean falta pertsonalek talde zigortu zutela deritzo: “Guk asmatu ez izanak eta gure jaurtiketen portzentai baxuak eta eurek hobeto errebotatzeak markatu du lehen zatia”. Defentsan ez eze, erasoan ere azken partiduetan jokatu duten moduan jokatzea falta izan zitzaiela azaldu zuen. Hala, azken laurdenean, esaterako, partiduari “ihes egiten utzi” zietela esan zuen.
Biek ala biek, “indarrak berreskuratu”, eta hurrengo partiduan pentsatzeko momentua dela zihoten.
Zapatuan etxean lehiatuko dute Dia
Ligaren 4. jardunaldia, Cadi La Seuren kontra ( 18:30).
Lopezen berbetan,
ligan konfiantzaz jokatzen ari direla erakutsi dute, eta ildo hori mantentzea ezinbestekotzat jo du. “Batik bat energia errekuperatu behar dugu. Saskiratzeak areagotzen, eta defentsa zein erasoko errebotea hobetzen saiatuko gara. Eta aurkariari ere aukera gutxiago eman behar dizkiogu”. Cadi La Seuk partidu erritmo bizkorra ezarriko duela-eta, ez duela baloi bakar bat ere galdutzat emango uste du Lointekeko entrenatzaileak.
Datorren astean, EuroCup-a, Malosten. EuroCup Women txapelketaren Taldekako Faseko etxeko lehen partidua eguaztenean (urriak 31) jokatuko dute. Lointek Gernika Bizkaiaren eta CMB Cargo Uni Györ-ren arteko partidua 20:30ean hasiko da.