Ibilaldian parte hartu gura dutenek telefono zenbaki honetara deitu behar dute: 655 70 06 52 (Jabi). Posta elektronikoz ere izena eman daiteke,
nabarnizathletic@hotmail.com helbidera mezua bidalita, baina, antolatzaileek zehaztu dutenez, egokiagoa da telefonoz deitzea.
06:00etan irtengo dira autobusean Nabarniztik, eta Gernikan geldialdia egingo dute jende gehiago batzeko. 07:00etarako Eibarrera ailegatzea aurreikusi dute, martxari ekiteko. Urtero modura, bi udalerriak lotuz, 28 kilometroko ibilbidea egingo dute. Besteren artean, Zengotitagane (826 metro), Oiz (1.029 metro), Ganbe (396 metro), Astorkigana (235 metro), Kanpona (504 metro, Miñarria (435 metro) eta Arrola (532 metro) zeharkatuko dituzte Nabarnizera heldu aurretik. Oizeko San Kristobal ermitan salda hartzea ohitura bihurtu da, eta aurten ere horrela egingo dute. Era berean, Astorkiganan anoa postua edukiko dute, atseden apur bat hartzen duten bitartean indarberritzeko.
Parte hartzaileek, helmugara heltzean, dutxatzeko aukera eduki dute, eta hamaiketakoa prest izango dute. Halaber, 15:00ak aldera Aboitiz Jatetxean bazkalduko dute. Athletic Nabarniz elkarteak antolatzen du ibilaldia, Nabarnizeko Udalan laguntzagaz. Azaldu dutenez, bazkaritan martxan baino jende gehiago batzen da: “Martxan parte hartu ezin arren, beterano batzuk bazkaltzera etortzen dira”.
Lagunarteko ibilaldia bezala jaio zen ibilaldia, eta hasierako kideen erreleboa hartu zuten gero gazteagoek. Hasierako urteetan, irteera herria txandakatzen zuten; hau da, urte bakoitzean herri batetik ateratzen ziren. Baina, azken urteetan Eibarren hastea eta Nabarnizen amaitzea mantendu dute.