2019ko ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu dituzte Bermeon
EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu dituzte. «Udal Gobernuak eta EAJk erantzukizunez» jokatu dutela nabarmendu du Irune Ormaetxea Ogasun zinegotziakBermeoko Udalak 2019. urteko ordenantza fiskalei, zergei eta tasei onarpena eman die azkenen...
EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu dituzte. «Udal Gobernuak eta EAJk erantzukizunez» jokatu dutela nabarmendu du Irune Ormaetxea Ogasun zinegotziak
Bermeoko Udalak 2019. urteko ordenantza fiskalei, zergei eta tasei onarpena eman die azkenengo udal osoko bilkuran, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Irune Ormaetxea Ogasun zinegotziak azaldu duenez, «Udal Gobernuak eta EAJk erantzukizunez» jokatu dute, «ezinbestekoa delako tasak eta zergak berrikustea kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izateko».Zergei dagokienez, Ormaetxeak adierazi du ez dela egongo aldaketa handirik. Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga, Urilurren Balio Gehikuntzaren Gai- neko Zerga, Ekonomi Jardueren Gaineko Zerga eta Eraikuntzaren, Instalazio eta Obren Gaineko Zerga berdin mantenduko dituzte, hau da, ez dute igoerarik jasango. Igoko duten zerga bakarra Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko tipoa izango da, KPIren igoera jasango baitu, %2,2, hain zuzen ere.
Tasen kasuan, «banan-banan» aztertu dituztela adierazi du zinegotziak, eta «zerbitzuen kostuak eta ahalmen ekonomikoa kontuan hartu» dituztela. Tasa batzuek aldaketarik jasan ez duten bitartean, hainbat merkatari txikiei zuzendutakoak jaitsi egingo dituzte. Gainerakoek etxebizitzen zabor bilketa zerbitzua eta animalia arriskutsuen kasuan izan ezik, KPIren igoera edukiko dute, %2,2koa. Halere, Ormaetxeak argitu duenez, «2019an KPI gehiago igotzen bada ere, Bermeoko zerga eta tasen igoera ez da inolaz ere %2,2 baino gehiago igoko».
Ormaetxearen berbetan, hainbat izan dira hurrengo urtean berdin mantenduko dituzten tasak: Bermibus, udal liburutegiko zerbitzuak, argitalpenen salmenta, agiriak ematea, udal azokako postuak edota ezkontzak, besteak beste. «Aipatutako horiek guztiek ere ez dute KPIren igoera izango». Bestalde, adierazi duenez, etxebizitzetako zabor batze zerbitzuaren tasak igoera bat jasango du: hiru hilabetegatik ordainduko den tasa 17 eurotik 20 eurora pasako da, euro bat gehiago hilabetean.
Urteko zabor batze zerbitzuagatik 80 euro ordainduko dituzte etxebizitzek. «Hala ere, biztanle kopuru antzekoa daukaten herriekin alderatuz gero, gure tasa txikiagoa da. Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, antzerako herriek batez beste urtero 96,50 euro ordaintzen dute, eta Bizkaian urteko 91,33 eurokoa da tasaren batez bestekoa»
Udalak Bermeoko merkatarien egoera aztertzea erabaki du. Azken urteetan «krisi egoera bat pairatu» duela ikusita, tokiko merkataritza laguntzeko helburuagaz tasetan ere zenbait neurri hartu dituztela jakinarazi dute, eta horretarako hainbat tasa jaistea erabaki dute.
Merkataritza sustatuz
Modu horretara, fruta dendei, harategiei, arraindegiei eta janari denda txikiei zabor batze zerbitzuaren tasa jaitsiko diete. Hiru hilabetekoa 81 euro ordaintzetik 71 eurora pasako dira, hau da, 10 euro gutxiago. 100 metro karratu baino gutxiagoko denden kasuan, tasa bera ere gutxitu egingo dute: gaur egun hiruhilabetekoa 70 euro ordaintzen duten bitartean, tasa berriekin 60 euro ordaindu beharko dituzte. Supermerkatu handiei dagokienez, berriz, zabor batze zerbitzuek %10eko igoera jasango dute.
Animaliak edukitzeko eta babesteko tasek ere aldaketak jasango dituzte. Txakur arriskutsuentzat eskatu beharreko lehenengo lizentzia eta txartela 37 eurotik 45era igoko dute. Gainerako tasek KPIren igoera izango dute, hau da, %2,2ko igoera.
Bukatzeko, autokitapena ezarri dutela azaldu du zinegotziak, era horretara «hainbat tasa ordaintzeko tramiteak errazteko». Autokitapenagaz, zenbait tasa zuzenean ordainduko dira Berhaz bulegoan.
Ormaetxeak adierazi duenez, ordenantza fiskalak, zergak eta tasak aztertzea beharrezkoa da zerbitzu publiko eraginkorrak eduki ahal izateko; «lan hori egiterakoan, herritarren, merkatarien eta enpresen egoera kontuan hartzen ahalegintzen gara beti».