Gabonetako erakusleihoen lehiaketa antolatu dute
Bermeoko «kontsumoa suspertzeko» asmoagaz sortu dute lehiaketa. Izena emateko epea urriaren 15etik 31ra bitartean egongo da zabalikBermeoko Udalak Gabonetako erakusleihoen lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz, Bertonen laguntzagaz. Herriko erakuslei...
Bermeoko «kontsumoa suspertzeko» asmoagaz sortu dute lehiaketa. Izena emateko epea urriaren 15etik 31ra bitartean egongo da zabalik
Bermeoko Udalak Gabonetako erakusleihoen lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz, Bertonen laguntzagaz. Herriko erakusleihoen «apainketa bultzatzea» dute helburu bezala, modu horretara herriko «kontsumoa suspertzeko», azpimarratu du Irune Ormaetxea Bermeoko Merkataritza eta Turismo zinegotziak.Bermeoko saltoki guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Apaingarrien gaia Gabonak izango da, eta izena emateko epea urriaren 15etik 31ra bitartean egongo da zabalik, Berhaz bulegoan. Kanpainan izena emateko eskaera orria ondorengo webgunean dago eskuragai: www.bermeo.eus.
Zehaztu dutenez, erakusketa abenduaren 1etik 15era bitartean egingo dute. Establezimenduen parte hartzaileen kasuan, bi sari emango dituzte: alde batetik, epaimahaiak erakusleiho onenari emandako saria, 250 eurokoa. Epaimahaia udaleko eta hainbat kultur elkarteetako kideek osatuko dute, eta establezimenduen erakusleihoak hainbat ezaugarri kontuan hartuta baloratuko dituzte: esate baterako, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena, sormena, kalitatea edota iluminazioa.
Beste alde batetik, herritarrek ere izango dute zer esan. Horrela, beraien botoen bidez erakusleiho onena aukeratuko dute. Saria 250 eurokoa izango da horretan ere. Bozkatzeko epea abenduaren 1etik 15era izango da Bermeoko Kultur Etxean, turismo bulegoan, Berhazen eta Behargintzan. Bozketan parte hartzen duten pertsonek 500 euroko saria irabazteko aukera edukiko dute, ondoren lehiaketan parte hartu duten dendetan gastatzeko.
Zozketa, abenduaren 17an
Zozketan parte hartzeko, 20 erakusleiho ikusi eta horien merkatarien zigilua lortu beharko dira. Zozketa abenduaren 17an egingo da.
Ormaetxeak establezimendu guztiak animatu ditu erakusleihoen lehiaketan parte hartzera, tokiko kontsumoa sustatzeko ekimen positiboa delako, erakusleiho apainduak beti ere erakargarriagoak direlako bezeroarentzat eta horrek kontsumoa sustatzen duelako.