53.enera heldu da Durangoko?Azoka.
Abenduaren 5etik 9ra egingo dute,
Da! asko dira! lelopean. Horrela, aniztasunari erreferentzia eta gorazarre egingo dio, Durangoko Azoka bizitzeko “modu asko daudelako”.
Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du aurtengo
kartela, eta Landako gunearen planoan oinarrituta diseinatu dute. Mugimendu anitzak baina osagarriak bildu dituzten bertan: “Mugimendu guztiak iradoki nahi ditugu, errotuladore ibiltariak bagina bezala: sarrera, irteera, geldialdia, orrialdeak pasatzeko keinua, besarkada. DA!-ri erritual izaera aitortzen badiogu, interesgarria da bertan antzezten dugun performanceari erreparatzea”.
Txakur Gorria kolektiboaren kideak, aurtengo kartelagaz.
Argazkia: Durangoko Azoka.
Goizean aurkeztu dituzte aurtengo irudia eta leloa, Durangon. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidenteak leloaren zergatia azaldu du: “Euskal kultura oparoa eta aberatsa da, eta aniztasun horren isla da Azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, urteroko hitzordua da, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua…Durangoko Azoka bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ukitu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbestek sentitu, kultura modu desberdinetan guztion eskura dagoela adieraziz”.
Aitziber Irigoras Durangoko alkateak bertako izaera anitza aldarrikatzearen garrantzia nabarmendu du. Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari den Ana de Castro, berriz, azokaren beraren garrantziaz mintzatu da: “Ozen esan behar dugu Durangoko Azoka ezinbestekoa dela kulturzaleentzat eta bat egiten dugu euskara guztion kultura jartzearekin”. Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak Durangoko Azoka “kosmosa” dela zehaztu du, bizitzaren islada.
Bestetikk, Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak Gerediaga Elkartearen lana eta ibilbidea goraipatu ditu: “Urte osoko lana dauka atzetik Azokak eta eskerrak eman behar zaizkio Gerediaga elkarteari 53 urtetan egindako lanagatik. Zoriontzekoa eta eskertzekoa da”: