Bizenta Mogelen lana ezagutzera eman dute jardunaldietan
Bere sasoiko gizartean «nahi zuena esan eta egiteko modua» aurkitu zuen emakumea zela nabarmendu dute. Mogelek idatzitako Gabon kanta bi abestu ditu TarinekMuga estuen menpean eta moral itxi bati estuki lotuta egon arren, nahi zuena esateko, eta, neu...
Bere sasoiko gizartean «nahi zuena esan eta egiteko modua» aurkitu zuen emakumea zela nabarmendu dute. Mogelek idatzitako Gabon kanta bi abestu ditu Tarinek
Muga estuen menpean eta moral itxi bati estuki lotuta egon arren, nahi zuena esateko, eta, neurri batean, egiteko moduak aurkitu zituen Bizenta Mogelek (1782-1854). Hori azaldu zuten zapatuan Europako Ondare Jardunaldien baitan Mogeli buruz egin ziren saioetan. Udaletxean bildu ziren herritarrak euskaraz idatzi eta bere izen-abizenez liburu bat sinatu zuen lehen emakumearen bizitza ezagutzeko.Yolanda Arrieta etxebarritarrak gidaturik urteak daramatza Mogeli buruzko tailerrak ematen eta Bizenta Txiki ipuina idatzi du, Josune Muñoz Skolastikako kidea, Xabiel Altzibar Euskaltzain urgazle etxebarritarra eta Xabier Kaltzakorta irakasle eta euskaltzain markina-xemeindarra izan ziren hizlariak. Idazlearen lanen eta haren ingurukoen testigantzen bitartez, Mogelengana gerturatzeko aukera eman zieten aretoan bildutakoie. «Mogelek lortu zuen printzipioz emakumezkoentzako ezinezkoa zena», esan zuen Muñozek, «oso buru argia zen, jakin zuen prestakuntza intelektuala lortzen; eta kontatu zuen zelan lortu zitekeen».
Gaitasun handia
Hizkuntzetarako gaitasun handiko emakumea zen, eta bere osaba Juan Antonio Mogelek euskara, gaztelania eta latina erakutsi zizkion; frantseserako ere izugarrizko gaitasuna zeukan, sasoiko gizonezkoak harritzerainokoa. Kaltzakortak azaldu zuenez, Juan Antonio Mogelek idazle espainiar bati idatzitako gutunetatik ondorioztatu daiteke Bizentari irakatsi ziona baino gehiago irakatsi ahal izan ziola; alegia, Bizenta gizonezkoa izan balitz, beste alor batzuk lantzeko aukera eskainiko liokeela, fisika kasu.
Tarine musika eskolako neska-mutilek ere beraien alea jarri zuten zapatuko jardunaldietan; Mogelek idatzitako Gabon kanta bi abestu zituzten. Yolanda Arrietak esan zuenez, «ziurrenik koru batek Mogelen letrak abesten zituen lehen aldia izan da; egun seinalatua».