Urriaren 26tik 28ra bitartean ospatuko den ekimena
arrantzaleen antzinako kofradian egingo dute.
Ekimena
Barrueta Arte Elkarteak antolatu du, Bermeoko Udalaren laguntzagaz. Azalien asteburu kultura antolatzen duten
bigarren aldia izango da. Bertan, herriko artisten
arte-diziplina ezberdinetako lanak espazio bakar eta berezi batean batuko dituzte. Bermeoko bizilagunek, modu horretara, pintura, musika, dantza, argazkilaritza, zinea, graffitiak, eskultura, antzerkia, zeramika eta hainbat kontzertuekin gozatzeko aukera izango dute.
Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotziak eta Pedro Lazpiur, Gotzon Zulueta, Rosa Mari Gabantxo eta Nerea Gazaga Barrueta Arte Elkarteko kideek aurkeztu dute gaur egitasmo berezi hori. Astuik azaldu duenez, asteburuan zehar herriko 20 arte edota kultur elkarte inguruk parte hartzen dute, baita banakako artistek ere.
Herriko kofradi zaharrean aurkeztu dute egitasmoa.
“Azalien asteburu kulturala iaz egin zen lehenengo aldiz, arrakasta izugarria izan zuen eta herritarrek oso ondo baloratu zuten. Hortaz, aurten ere ospatuko da, gainera iaz baino parte-hartzaile gehiagorekin”, gaineratu du zinegotziak.
Eskaintza zabala. Bariku arratsaldean emango diote hasiera ekimenari, eta asteburu osoan zehar zer egin izango dute kofradi zaharrera hurbiltzen direnek. Artelanak ikusteaz gain, buztin eta zeramika tailerretan parte hartu, bakarrizketak edota olerki-irakurketak entzun eta laburmetraiak ikusi ahal izango dira bertan, eskaintza zabala eta interesgarria sortuz artearen jarraitzaile zein ikusminagaz hurbiltzen diren herritarrentzako.
Egitasmoaren
helburuak zehaztu nahi izan dituzte: alde batetik, “herriko artistek egiten dituzten arte-diziplina ezberdinetako lanak toki berdin batean batzea herritarrei eta interesa duten guztiei ezagutzera emateko”. Bestalde, “elkarren lanak ezagutuz artisten arteko harremanak indartu” nahi dituzte ekimenaren bitartez. Era horretara, Bermeoko artistak eta euren lan garrantzitsuak herritar guztiei ezagutzera emateko aukera eskaini nahi dute.
Bigarren Azalien horretarako
berritasunak zehaztu dituzte arte elkarteko ordezkariek. Aurten, nabarmendu dutenez, asteburu kulturalak
erotismoa hartuko du oinarri bezala.
Erotismoa gai nagusitzat aukeratzerako orduan, gai “zaila, polemikoa” dela azaldu du Lazpiurrek, eta herritarrek edo artistek horri buruz zer pentsatzen duten “argi ez dagoela” nabarmendu du. Horrela, artistei gai horrekin zerikusia duten obrak sortzera eraman nahi diete, ikuslegoarentzako “erakargarria” izan daitekeelako.
Astuik eskerrak eman dizkio Barrueta Arte Elkarteari, ekimena antolatzeko hartutako “lana eta arduragatik”, eta herritar guztiak gonbidatu nahi izan ditu kofradi zaharrera hurreratzera. “Herritarrek, eskualdeko bizilagunek eta Europarrek badaukate zer ikusi Bermeon asteburuan”, adierazi du zinegotziak.
Egitaraua:
- Urriak 26, barikua
- 19.00: Inaugurazio ekitaldia.
- 19:30: Erakusketako ateak irekitzea.
- 20:00: Aiama eta Mamushka! taldeen kontzertua.
- Urriak 27, zapatua
- Egun osoan: Edonorentzat margotzeko aukera, kofradi zaharrean. Gainera, zeramika tailerrak, hitzaldiak, bakarrizketak, olerki irakurketak eta laburmetraiak.
- 13:00: Miss Baker taldearen kontzertua.
- Ostean: Raku, buztina lantzeko tailerra.
- 20:00: Etxekalte eta DJ Blakaren kontzertuak.
- Urriak 28, domeka
- Egun osoan: Edonorentzat margotzeko aukera, kofradi zaharrean. Gainera, zeramika tailerrak, hitzaldiak, bakarrizketak, olerki irakurketak eta laburmetraiak.
- 13:00: Dantza ikuskizuna, Katillotxu Emakume Taldearen eskutik.
- 13:30: DJ Gatazka-ren musika emanaldia.