Bederatzigarren urtez, baserri giroa iritsiko da Ajangizko Kanpantxu auzora; izan ere, Euskal Jaia ospatzeko elkartuko dira. Biharko daukate hitzordua eginda, auzoko plazan.
12:00etan hasiko dute eguna eta, aurrekoetan legez, dantza eginez egingo dute. Herriko zortzi bat lagun elkartuko dira, eta egungo abesti bat aukeratu eta euskal pausoekin uztartuko dute.
Hori bukatutakoan, poteoa egingo dute baserriz baserri, EinGo Kantan eta Dantzan taldeagaz. Baserriak egun horretarako apaindu egiten dituzte, eta giro polita sortzen laguntzen dute.
Eguerdi aldean, berriz, bazkaritan elkartuko dira herritarrak. Aurten, gutxi gora behera, 80 bat lagunek eman dute izena.
Arratsaldea gorputzak astintzen igaroko dute. Lehenengo, 17:30ak aldera, Bihurri aizkolariagaz eta haren semeagaz herri kiroletan ariko dira goizean izena ematen duten herritarrak: txingak eramaten, trontzan, zaku lasterketan…
Iluntzean, bestalde, musikagaz gozatzeko aukera izango da. Mungiko Las Orejas de Van Gogh taldeak girotuko du plaza ordubetez. Eta ondoren, Xaiborren musikaren konpainian egingo dute dantzan. 20:30ak inguruan hasiko da Xaiborren ikuskizuna, eta lehenengo ordu erdia umeentzat izango da.