'Errotak' bigarren diskoa aurkeztu du Hara! hirukoteak
Zortzi kantaz osaturiko bigarren estudioko lana aurkeztu zuen atzo Hara! hirukote ondarrutarrak. Bilboko Bira elkartean aurkeztu zuten Errotak estudioko bigarren lana. Jon Kirru Iparragirre taldeko ahotsak eta gitarrak eta Mikel Arrieta baxuak aurkeztu...
Taldeari dagokionez, lehen lanetik hona taldean aldaketa nabarmenak egon dira. Iparragirre da taldean geratzen den bakarra, baina soinuaren arima mantentzen du bere sormenagaz. Estilo aldetik, berriz, euren sustraietara buelta egin du taldeak bigarren lanagaz. Rock indartsuak, hardcore, metala, punk, stonner eta heavya uztartu dituzte Ihesaldia, Desikasten, Tenneessee, Errotak, Oker, Egutegi madarikatua, Bakarrik eta Zertarako hitz egin? zortzi kantuetan.
Lanaren grabaketa uda hasieran egin zuten Mutrikuko AME estudioan, eta Baga Biga diskoetxearen eskutik kaleratu dute. Masterizazioa Parisko Simon Basalteren estudioan egin dute, eta Leire Urrutia izan da diskoaren azalaren eta diseinuaren arduraduna.
Taularatzeko prest
Aurkezpenean diskoaren inguruko azalpenak emateaz gain, hurrengo kontzertuen datak ere eman dituzte. Taldeak berriro aurpegi bikoitza erakutsi du bigarren lanean. Nabarmendu dutenez, soinu gordina duten zortzi kantuz osatutako diskoa taularatzeko irrikitan daude Iparragirre, Arrieta eta Bolin.
Lehen zuzenekoa azaroaren 2an eskainiko dute Zarauzko Putzuzulo gaztetxearen urteurrenean; Optika taldeagaz batera taularatuko dira.
Atzoko aurkezpenagaz amaitzeko, lanari izena ematen dion Errotak kantua jo zuten formatu akustikoan Iparragirrek eta Arrietak.