Bermeoko Galerna Taldeak, beste urte batez,
Gaviota Gas Biltegiari bira emateko estropada antolatu du. Estropada berezi hori egiten duten hirugarren aldia dela adierazi dute taldeko arduradunek, eta “gogo handiz” daude berriz ere belaontzietan Bermeoko itsasoan aritzeko.
Bihar egingo dute kirol proba, eta zehaztu dutenez, dagoeneko
hamabost belaontzitan joango diren
40 marinelek eman dute estropadan parte hartzeko izena. Horrela, mota guztietako belaontziak irtengo dira Bermeoko portutik: jarleku bakarra daukaten belaontzi txikiek edota hamar edo hamabi metroko luzera daukaten belaontziek parte hartuko dute.
Iaz egindako estropada. Argazkia: Galerna Taldea
Goizetik emango diote hasiera egunari.
10:00etan batuko direla azaldu dute taldekoek, batera gosaldu eta estropadaren ibilbideari eta parte hartzaileen irteera ordenari buruzko xehetasunak azaltzeko. Horren ostean,
porturantz abiatuko dira, eta kai muturretik hasiko dira ontziak irteten.
Eguraldiaren eta haizearen arabera hasiko dute estropada. Ibilbideari dagokionez, berriz, gas biltegiari bira eman eta portura itzuli beharko dira parte hartzaileak.
Ondo pasatzeko estropada. Taldekoek argi utzi nahi izan dute estropadari lasterketa itxura ematen dioten arren, “txiki eta nagusiek ondo pasatzeko eta
belaren mundua ezagutzeko aukera bezala” antolatzen dutela ekimena. Proba bukatu ostean hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Eta ondoren, Gaztelupe tabernarantz abiatuko dira bazkaltzera, egunari bukaera ezin hobea eman asmoz.
Arduradunen berbetan, “taldeko zein kanpoko pertsonek daukate parte hartzeko aukera”. Beraz, interesatuta dagoenari
galernataldea@gmail.com helbidera edota Galerna Taldearen Facebook-aren bidez
izena ematera animatu nahi izan dituzte