Asier Bidaburu gernikarrak Euskal Herriko txapeldun izateko aukera dauka
Gernika Racing Elkarteko Asier Bidaburu Ondarza denboraldi bikaina burutzen ari da bere Reynard RF10B autoagaz. Aurten hasi da mendiko auto lasterketak lehiatzen, eta Euskal Herriko txapeldun izateko aukerak ditu, monoplaza kategorian.
Asteburuan denboraldi honetako azken proba dute, Azpeitian. Urrakiko maldetan gora erabakiko da aurtengo Euskal Herriko Txapelketaren garailea zein den, domekan. Gaur gaurkoz, gernikarra sailkapenaren bigarren postuan dago, Aitor Zabaleta esperiantziadun pilotuaren atzetik; Zabaleta da azken urteotako txapelduna. Hala, 36. Urrakiko Igoeran lehia bizia espero da bi pilotuen artean.
Biharko egiaztatze administratiboen eta teknikoaen ostean, domekan, 10:00etan ekingo diote entrenamendu saioei, eta atzetik etorriko dira bi manga puntuagarriak.
Zabaletak bere BMW autoarekin hamalau aldiz irabazi du Urrakiko Igoera, eta proba amaitzearekin bakarrik jantziko luke Euskal Mendi Txapelketako txapela. Bidaburu indar handiz sartu da txapelketan, eta azken garaipena aurreko asteburuan lortu zuen Kantabrian, La Granjako igoeran (errekor berria ezarrita).