HAPO eta Ingurumeneko Azterlana ikusgai jarri ditu udalak
Gautegiz Arteagako Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerakina eta Ingurumen Azterlan Estrategikoa ikusgai jarri ditu udaletxean.Bi hilabeteko tartean ikusi ahalko dira dokumentuok, hau da, abenduaren 11ra arteko epean. Lan egunetan, udalb...
Bi hilabeteko tartean ikusi ahalko dira dokumentuok, hau da, abenduaren 11ra arteko epean. Lan egunetan, udalbatzar aretoan ikus daitezke, 09:00etatik 14:00etara arte.
Bi hilabeteko epean egongo dira bertan; izan ere, udalak, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean urriaren 11n argitaratu zuen iragarkia.
Hala ere, jendaurreko erakustaldiaz gain, dokumentazio guztia udal webgunean aurki daitekeela zehaztu dute, www.gautegizarteaga.com orrialdean.
Herritarrek «etorkizuneko» herria eraikitzerako orduan presentzia izan dezaten bultzatu dutela ekimena azaldu dute udal ordezkariek.
Gainera, dokumentuak jendaurrean zabalduta, herritarren partaidetza suspertzea lortu nahi dutela jakinarazi du Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak. «Herritar guztiek dokumentu hau eskuragarri izatea da helburua, horrela alegazioak aurkeztu ahal izango dituztelako. Biharko Gautegiz Arteaga diseinatzeko prozesua ahalik-eta zabalena eta parte hartzaileena izatea gura dugu. Horregatik, udaletxera hurbilduta edota gure webgunearen bitartez, dokumentuak kontsultatzera animatzen ditugu herritarrak, beraien ekarpenak egiteko», esan du Naberanek.
Ekarpenak
Herritarrek edozein momentutan dokumentuekiko alegazioak aurkeztu ahal dituztela gogoratu du udalak, eta ekarpenak egiteko aukera edukiko dutela: «Zalantzak eta proposamenak izanez gero, edozein momentutan aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako, udaletxeko hurrengo telefono zenbakira deitu beharko dute interesa daukatenek: 94-625 29 53».
Herritarren parte hartzea suspertzea helburu nagusia dela aitzakia hartuta, ekarpenak jasotzeko erredakzio taldeagaz hitz egin ahal izango da.
Talde horren betebeharrak herritarren zalantzak argitzea eta partaidetza prozesua errazteko laguntza eskaintzea dira: «Eskaera eta zalantzen arabera gaika banatuko dira, eta norbanakoekin elkarrizketak zehaztuko dituzte. Gainera, tailerrak eta inkestak burutuko dira, plan orokorraren elaborazio prozesu zabala, argia eta gardena bultzatzeko».