Gernika-Lumoko Udalak berriro jarri du martxan Berdintasunerako Udal Zerbitzua
2017ko uztailaz geroztik udalerrian egon ez den Berdintasunerako Udal Zerbitzua berriro jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak. Zerbitzu hau izan da emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko programa, ekintza eta zerbitzu jakinak kudeatzeaz arduratzen zena.
Martxan jarri berri duten udal zerbitzuak emakumeei zuzendutako hainbat programa izango dituela jakinarazi du udalak: “Abian jarritako zerbitzu berriagaz, emakumeei beraien gizarte eskubideak, errekurtsoak eta dituzten prestazioak zeintzuk diren adieraziko zaizkie”.
Emakume eta gizonen arteko desberdintasunei buruzko sentsibilizazio kanpainak diseinatzea zerbitzuaren betebeharra dela esan dute, bai eta hezkuntza zentroekin sentsibilizazio kanpainak koordinatzea ere. Horrez gain, udalerriko emakumeek dituzten oztopoak, eskaerak eta beharrizanak aztertuko ditu.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Amankomunitatearekin batera indarkeria pairatzen duten emakumeei berehalako arreta emateko behar diren zerbitzuak sortzea eta bermatzea dira Berdintasunerako Udal Zerbitzuaren betebeharrak.
Oro har, aholkulari lanak, laguntza lanak eta udaleko eta beste erakunde batzuetako diru laguntzak kudeatzeko lanak gauzatuko ditu, eta emakumeei aldi baterako harrera zerbitzuak eskainiko dizkie (harrera etxeak, tutoretzapeko etxebizitzak…).
Era berean, Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Berdinasunerako Batzordea eta udalerriko berdintasun politikak suspertuko dituen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Udal Plana kordinatzeko ardura hartuko du zerbitzuak.
Artekalea kaleko 8.zenbakiko 3. solairuan dago kokatuta Berdintasunerako Zerbitzua. Astelehenetan, martitzenetan eta eguaztenetan 8:00etatik 14:30era egongo dela erabilgarri seinalatu dute. Hala ere, informazio gehiago jaso nahi izanez gero, hurrengo zenbakira deitu ahalko da: 94-625 70 90.
Herritarren eskaria. Urtebetean zerbitzu gabe egon eta gero, Gernika-Lumoko herritarrek eskatutako zerbitzua martxan jarri du udalak. Hala, baina, asko izan dira urtebetean zerbitzua «ezinbestekotzat» jo duten norbanako eta eragileak.
Berdintasunerako Kontseilu izandako kideek salatu zuten lehenengo zerbitzuaren falta: “Foru- eta toki-administrazioek, bakoitzak bere burua antolatzen dituen eskumenen eremuan, beren egiturak egokitu behar dituzte, halako moduz non administrazio bakoitzak emakumeen eta gizonen berdintasun-politikak bultzatu, programatu, ebaluatu eta horiei buruzko aholkuak ematen jardungo duen erakunde, organo edo administrazio unitate bat izango baitu dagokion eremuan”.
Ikasturtea antolatzeko orduan ere, udalaren Berdintasunerako Zerbitzuaren beharra izan zuten udalerriko ikastetxeek. Hori horrela, zerbitzu horrekiko zuten “beharra eta premia” zein zen azaldu zioten udalari. “Arduratuta” agertu ziren ikastetxeak, eta azaroaren 25ean eta martxoaren 8an ez zutela “sentsibilizazio kanpainarik” egin salatu zuten. Gainera, formakuntza eta dinamizazio lana “bertan behera” utzi behar izan zutela aitortu zuten.
ELA?eta LAB sindikatuek ere egoera salatu zuten, hainbeste lan egin zuten langileekiko eta zerbitzu hori erabiltzen zuten herritarrekiko “errespetu falta” zela adieraziz.
Orain, herritarrei erantzunez, “ikasturte berriagaz Berdintasun Zerbitzu berria” martxan jarri dutela adierazi du Gernika-Lumoko Udalak.