Orain Presoak dinamikak deituta, milaka kilometrotara urrunduta dauden eta giza eskubideak urratuak zaizkien euskal presoen egoerari irtenbidea emateko eskatzeko aldarrikapena egingo dute Donostian.
Orain presoak izenburupean,
Antiguako tuneletik manifestazioan aterako dira zapatuan,
17:00etan.
Herriz herri autobusak antolatu dituzte, eta horietan joateko aurretiaz izena ematea beharrezkoa da. Bermeon, 14:30ean irtengo dira Lameratik, Busturiako San Kristobal auzoko autobus geralekutik, berriz, 14:45ean abiatuko dira. Gernika-Lumoko Autobus Geltokian 15:00etan jarri dute irteera-ordua.
Garai berri baten aurrean
ate berriak zabaltzeko beharra dagoela aldarrikatuko dute zapatu honetan. Dinamikaren ordezkariek zenbait arrazoi eman dituzte Donostira bertaratzeko. Euren berbetan, “mendekuak” ezin du espetxe politikaren oinarria izan, eta beraz, “urruntze politika ilegalarekin amaitu eta senideak zigortzeari utzi behar zaio”.
Gaineratu dute
larriki gaixo diren presoek etxean egoteko eskubidea dutela. Manifestaziorako deialdia egin, eta bere arrazoiak azaltzeko agerraldian esan zutenez, korapiloak askatzeko unea da: “ETAren disoluzioaren ostean ireki den garai berria probestu eta aspaldidanik espero dugun aldaketa gauzatu dadin gure hondar alea jarri nahi dugu. Bakerantz eta elkarbizitzarantz eramango gaituen aldaketaz ari gara. Sufrimendu gehiago sortzeari utzi eta korapiloak askatu zein zubiak eraikiko dituen jendarte baterantz eramango gaituena”.
AUTOBUSETARAKO IZEN EMATEAK:
- Bermeo: Elkartetxe eta Bolatoki.
- Busturia: Taberna Barri, Eguzkilore eta Goizalde.
- Gernika-Lumo: Lagun-Etxea, Arrano eta Astra.