11 urtez motorretako profesional mailan lehiatzen ibili ondoren, Txomin Aranak bere
kirol ibilbidea uzteko garaia dela esan du. Europako eta Munduko Motocross Txapelketetan aurrera eta atzera ibili da Arana, baina, moto kategorian parte hartzeaz ez ezik, Rally-etan ere hartu du parte; mundialean hain zuzen. Gainera, lau Dakarretan parte hartu du; azkenengo aldiz, aurten.
Arana Erenozarren.
Kirol ibilbidea uzteko
erabakia hartzea “gogorra” izan den arren, agur esateko unea iritsi dela aitortu du pilotu ereñarrak: “Urte askotan ibili gara profesionalekin lehenengo mailan lehiatzen, eta ez da gauza erraza izan. Izan ere, lehiaketetan parte hartzeaz gain, bizitzeko lan egiten dut nik. Aldi berean
lana eta lehiaketa uztartzea ez da gauza erraza izan”. Halaber, edozein kirolarirentzat ere, lanean egoteko eta goi mailako lehiaketetan parte hartzeko denbora ateratzea “zaila” dela azpimarratu du.
Parte hartu izan duen lehiaketetan, gainera, maila handiko profesionalak aritzen direla argitu du, eta beraien aurka lehiatzea gustatatzen zaiola dio Aranak. Hala ere, goi mailako lehiaketek eskatzen duten prestakuntza maila izateko denbora eduki behar dela esan du, eta hori barik “ezinezkoa” dela beste pilotuekin lehiatzea azaldu du.
Azken urteetan, Dakarrera joateko
babesleen finantziazioa lortzea ez da erraza izan Aranarentzat. Diruarena denbora faltagaz estuki lotuta dagoen arazoa dela uste du: “Babesleak edo markak atzetik edukiko banitu proiektuak aurrera ateratzeko dirua eta denbora izango nuke. Izan ere, soldata bat edukita, lana uztea aukera bat izango litzateke”.
Erabaki “gogorra”. Kirol ibilbideari agur esatea ez da erraza izan Aranarentzat. “Asko gustatzen zait motoan ibiltzea, baina, bizitzan gauza garrantzitsu asko daudela badakit. Gainera, hainbeste urtetan, behin eta berriz, helburuak lortzeko arrastaka ibili behar izateak nekatu egiten du, eta erabaki onena motoa uztea da”, esan du.
Arana 2018ko Dakarrean. Argazkia: Gernika Off Road
Azken erabakia orain gutxi hartu duela argitu du; lehenago ere goi mailako lehiaketa uztea pentsatu izan duela aitortu du: “Urte batzuk lehenago ere pentsatuta neukan lehiatzea uztea, baina azkenean, urtea gogotsu hartu eta urtebete gehiago luzatu nuen erabakia. Oraingoan ez, heldu da momentua, eta agur esan dut azkenean”.
Gaztetatik hasi zen motorrean ibiltzen Arana, eta hara eta hona ibili ondoren,
momentu asko dira memorian gordeta dauzkanak. Parte hartu dituen lau Dakarrak dira berezienak: “Momentu kutsunena lehenengo Dakarrean parte hartzea izan da, hurrengo bietan ondo aritu arren. Beste hiru dakarrekin alderatuta, 2016ko Dakarrean aritu nintzen hoberen. Bukatzea lortu ez arren, pozik etorri nintzen egindako lanagaz, eta 2015eko Dakarrean eskuratutako 16. postua ere oso berezia izan zen niretzat”.
Motorrean ibiltzea gustuko du, eta egunen batean etxean gordeta daukanaren gainean berriz ibiliko dela azaldu du Txomin Aranak.