Hamabi bazkide gehitu dira Bermeo Tuna World Capital ekimenera
Bazkide berriekin batera, hegalaburraren balio kateko 23 enpresa eta entitate, publikoak zein pribatuak, bildu dira dagoeneko elkartean.
Bermeo Tuna World Capital ekimenaren arduradunen arabera, “hamabi kide berriak izaera zabal eta nazioartekoaren erakusleak dira”, hori izanik elkarteak bilatzen duena.
Egitasmora gehitu berri diren bazkideak Nautical, Marine Instruments eta Zunibal, itsas eta arrantzaren sektoreetarako ekipamendu elektronikoen diseinu eta fabrikazioan adituak diren enpresak, Albacora atun enpresa, Barna enpresa, Garavilla eta Cusumano kontserba fabrikak, Eroski eta Uvesco elikadura banaketarako taldeak, Donostiako Aquariuma, HAZI Fundazioa eta Euskal Herriko Itsas Foroa dira.
Horrela, kide berriek bat egingo dute sorreratik elkartea osatzen izan duten hamaika bazkideekin: Atunketari Izoztaileen Elkarteak, Bermeoko Arrantzale Kofradia, Campos, Serrats, Arroyabe eta Zallo kontserba enpresak, AZTI zentro teknologikoa eta Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.
Elkarteak zientziaren eta arrantzaren, ezagutzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatzea du helburu, ondare historikoa lehengoratu, kudeatu eta zabalkundea egiteaz gain. Gainera, egitasmoagaz batera, Bermeo herriaren garapen ekonomikoa eta soziala ere bultzatu nahi dute. Egitasmoaren erronka nagusia hegalaburraren kudeaketa iraunkorra maila orokorrean sustatzea da.
Egitasmora gehitu berri diren erakunde publiko zein pribatu guztiek adierazi dute “elkartearen helburuekin konpromiso irmoa” dutela: “zientziaren eta arrantzaren arteko lankidetza indartu; ezagutza, prestakuntza eta berrikuntza sustatu, ondare historikoa lehengoratu, kudeatu eta zabaldu; proiektuak bultzatu, ozeano osasuntsuagoak izan ditzagun; kulturen arteko esperientzia trukea sustatu; eta Bermeo herriaren garapen ekonomiko eta soziala bultzatu”.
BTWCeko arduradunen berbetan, “datu-basea handitzen” jarraitzeko asmoa dute, eta hori lortzeko “atunaren balio kateko eragile aktiboenak bertan elkartzeko” asmoa aldarrikatu dute.