Elkartasunaren bitartekoak
Elkartasuna praktikara eroan nahi izan dute Busturialdean, poltsikoak hutsik zekartenei bitartekoak eskainiz. Zapatuan, hamar errefuxiatu hartu zituzten Gernika-Lumon.Jakinarazi zuten. Esan zuten Busturialdea harrera eskualde bihurtu nahi zutela, eta B...
Elkartasuna praktikara eroan nahi izan dute Busturialdean, poltsikoak hutsik zekartenei bitartekoak eskainiz. Zapatuan, hamar errefuxiatu hartu zituzten Gernika-Lumon.
Jakinarazi zuten. Esan zuten Busturialdea harrera eskualde bihurtu nahi zutela, eta Bakearen Hiria bezala ezagutzen dena harrera herri. Eta egin dute; lehen pausoak eman dituzte. Hamar errefuxiatu hartu dituzte herrian, eta ez edonola ere. Autogestionatutako leku batzuetatik beste batera igaro dira: Bilbotik Gernikara. Bizkaiko hiriburuan denentzako lekurik ez, eta Gernikan hartu dituzte.Doinu hotsekin hasi zuten eguna zapatuan, Astran, Senegalgo musikaz girotuta. Kalejiran abiatu ziren Arrano tabernarantz, Inor ez da ilegala zioen pankarta eskuetan. Giro apartean jarraitu zuten Arranon bertan ere. Senegaldarrak rap estiloan aritu ziren, eta abestien bitartez, bere eskubide, nahi eta sentimenduak kaleratu zituzten.
Gunflow rap abeslari senegaldarrak hartu zuen hitza lehenengoan, eta etorkinen egoeraz mintzatu zen abesti zein berben bitartez. «Hona gatozen etorkinak ez gatoz guk aukeratu dugulako edo hala nahi dugulako, ezta patuak hemen jarri gaituelako; sistemak hala nahi duelako baizik», argitu zuen. «Mendebaldeko oligarkia gure presidenteekin, azken finean ez dira gure presidenteak, jartzen da harremanetan, eta negozio hori da gure kalterako dena».
2005ean etorri zen Gunflow Euskal Herrira, eta egun, Lekeition bizi da. Bidaiak egin zituen Italia, Espainiako estatu eta Frantziara, baina ez ditu esperientzia horiek gustu handiz gogoratzen. Euskal Herrian, aldiz, «etxean bezala» sentitzen dela dio: «Euskal Herriak bizitza eman dit, bizitza zer den erakutsi dit, gizatasunaren baliotasuna zer den erakutsi dit. Hemen badago errealitateaz jabe denik, politikak nola funtzionatzen duen dakienik».
Gunflowk argi dauka: «Mundu honetan, modu egonkorrean bizi ahal izateko, buruz librea izatea ezinbestekoa da; nork bere hizkuntza ikastea, nor bere hizkuntzan jardutea… Herrialde bakoitzak bere politika gauzatu behar du, bere kultura, tradizio eta hizkuntzagaz, eta hori Afrikan, esate baterako, ez dago».
Gainontzekoetan bezala, Afrikan ere hizkuntzak dituzte, baina Gunflowk dioenez, sistemak dialektotzat ditu horiek, eta, horren ordez, frantsesa ikastera behartzen dituzte. «Ikasten dugun hizkuntza beste pertsona batzuena da, kolonialistena, hain justu. Bizitza aurrera eroateko ikasten dugu hori; beraz, buruz manipulatuta gaude».
Bloke laranja, aterpe
Arranon sortu zuten jai giroagaz jarraitu zuten handik irtendakoan ere. Gertu zeukaten helmuga: metro gutxira zeukaten beraien etxea izango zena momentuz: Eztena proiektuaren kideek okupatutako bloke laranja. Jai giroan hartu zituzten bertan, txalaparta doinuekin. Ohorezko aurreskuak ere ez zuen hutsik egin, eta Arranoko rap doinuei bertsoak gehitu zizkieten. Harrera adierazpena lau haizetara zabaldu zuten ondoren. Non biziko ziren ezagutzeko, bisita egin zuten bloke laranjan, eta asanblada irekian elkartu ziren bukatutakoan. Handik Astrara abiatu ziren afaltzeko asmoz.
Zapatuan Gernikak hartu zuen Bilboko auzoetako herritarren lekukoa: «Poltsikoa hutsik zekartenen» babesleku bilakatu dute herria, «guztia atzean utzita, eta beraien bizitza arriskuan jarriz, ustezko duintasunezko bizitza baten bila datozen migratzaileak» hartu dituzte.
Lanean ari dira Busturialdea harrera eskualde izan dadin, eta zeregin horretan jarraituko dute hamaika norbanakok eta hainbat eragilek aurrerantzean ere: Eztenak, Astrak, OEEk edota Arrano kutur elkarteak. Izan ere, diotenez, « instituzioek eta instituzionalizatutako gobernuz kanpoko erakundeek ezer aldatzeko duten gaitasun eza ikusirik, soilik antolatutako langabetuok, ikasleok, emakumeok, pentsiodunok… hau da, antolaturiko langileok bakarrik eman ahal dizkiogu erantzunak gizartean sortzen diren arazoei».
Orain, elkartasuna praktikara eroateko ordua dela uste dute: alegia, bitartekoak jartzekoa: izan ere, «bitartekorik jarri gabe, etorkinen alde egotea etorkinak alde egitera gonbidatzea da». Momentuz, bloke laranjan egingo dute lo aipatu errefuxiatuek, eta otorduak jateko, aldiz, Astrara joango dira, bertan prestatuko baitiete jatekoa.
Aisialdiagaz lotutako dinamikak eta bestelakoak, berriz, batean zein bestean gauzatuko dituzte. Izan ere, non lo eta zer jan emateagaz batera, sare afektiboak lantzeko asmoa ere badaukate errefuxiatuak eskualdean hartzeko lanean dabiltzanek: «Gernikar modura sentiaraziko ditu- gu, lehendik eskualdean dauden errefuxiatuak, oraintsu etorri direnak eta Busturialdeko herritarrak elkartuz».
Bonbardaketaren 80. urteurrenean esandakoak betetzeko aukera dagoela diote eragileek; «erakusteko ez dugula gerra, muga eta hesi gehiago nahi, eta, horregatik, errefuxiatuak gurean ondoetorriak direla».
Eta harrera egunean egoterik izan ez zuenak ere, edukiko du ekarpena egiteko aukera; norbanako batzuk, esate baterako, hasita daude zeregin horretan. Izan ere, nabarmendu dutenez, «ekimenera batzeko inoiz ez da berandu izango».