Azaroan hasiko dira Pasealekua berritzeko lanak
Pasealekua berriztatzeko lanak azaroan hasiko dituzte. Bost hilabeteko lanak izango direla aurreikusi du Gernika-Lumoko Udalak, eta espazioa egokitzeko aurrekontua 723.147,32 eurokoa dela jakitera eman du.
Herriko leku esanguratsuenetariko bat berriztatuko dute, baina tokiaren itxura bere horretan mantenduko dutela aitortu dute. Horrez gain, Pasealekuak izango dituen toki ezberdinak balorean jarri gura dituzte.
Azaroan hasiko dira lanak, eta besteren artean, Pasealekuko sarbideak hobetuko dituzte. Sarbideak legean dagoen araudia errespetatuz egingo dituztela azaldu dute. Gainera, 4.207 metro karratu dituen lurzorua aldatiko dute; egoera txarrean dagoen zoladura kendu, eta harri granitozko zorua jarriko dute bere lekuan. Horrez gain, altzariak berriztatuko dituztela, eta arbolak bere tokian mantenduko dituztela jakinarazi dute.
Aurrekariak. Pasealeku proiektuari buruzko parte hartze prozesu bat abiatu zuten duela 4 bat urte, eta ondorio batzuk atera zituzten hori eginda. Hala, horiek bermatzeko asmoagaz bilerak egin zituzten Pasilekue Bizirik eta Gernika-Lumoko Udalak. Pasilekue Bizirik taldeak guneak berak daukan izaera mantendu gura zuela esan zuen batzarrean. Alkateak, bere aldetik, azaldu zuen udalak ez diela trabarik jarriko parte hartze prozesuan atera zituzten ondorioei, eta hobetzeko helburuz, aldaketarik egin beharko balitzateke, egingo luketela, “betiere, araudia errespetatuz”.