Ondarea eta emakumea uztartzen dituen argazki lehiaketa abiarazi dute
Bizkaiko Foru Aldundiak aurten bigarrenez antolatu du argazki lehiaketa. Lanak urriaren 26rako aurkeztu behar dira. Argazkiak Bizkaiko edozein tokitan atera ahal diraBigarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak Lurralde Bizia argazki lehiaketa abia...
Bizkaiko Foru Aldundiak aurten bigarrenez antolatu du argazki lehiaketa. Lanak urriaren 26rako aurkeztu behar dira. Argazkiak Bizkaiko edozein tokitan atera ahal dira
Bigarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak Lurralde Bizia argazki lehiaketa abiarazi du, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien baitan. Hala, aurtengo ondare jardunaldien gaia emakumeei lotuta dagoenez, argazki lehiaketan ere lurraldeko guneen kultura identitatea eraikitzerakoan emakumeek bete duten funtzioa azpimarratu nahi da. «Ondare jardunaldien gaia generoa denez, lehiaketan parte hartzen dutenek kameragaz ere hori jasotzea bilatzen dugu», argitu dute aldundiko ordezkariek.Lehiaketa bizkaitar guztiei dago zuzenduta. Eta ondareko tokitzat ondokoak hartuko dituzte: kaleak, plazak eta hiri eta landa eremuetako espazio publiko zein pribatuak. «Parte hartzaileek hiru elementuren arteko erlazioa jaso ahal izango dute argazkietan: aukeratutako tokien erakuntza, erabilera eta emakumeak haietaz jabetzeko modua».
Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Saileko arduradunaren esanetan, gaia «erakargarria» eta aldi berean argazkilaritza gustuko dutenentzako «erronka bat» ere bada. «Lehiaketa aukera paregabea da lurralde antolamenduaren funtsezko alderdi bati buruz hausnarketa egiteko. Emakumeok eta gizonok espazio pribatuagaz edo publikoagaz daukagun harremana eta horrek gure identitatea osatzen nola laguntzen duen jasotzeko aukera ematen du».
Baldintza teknikoei dagokienez, lehiakide bakoitzak argazki bakar bat aurkeztu ahal izango duela zehaztu dute antolatzaileek: jatorrizkoa izan beharko da, eta inon argitaratu barikoa. «Koloretako argazkiak besterik ez ditugu onartuko, eta formatu horizontala edo karratua eduki beharko dute (1×1). Ez dugu onartuko argazki panoramikorik ez eta bertikalik».
Argazkiak JPG formatuan aurkeztu beharko dira, eta Lurralde Bizia leloa eraman beharko dute. 300 pixeleko gutxieneko bereizmenagaz eta gutxi gorabehera 40×40 zentimetroko tamainagaz. «Argazkiei ukituak egin ahalko zaizkie, baldin eta kalitatea hobetzeko filtro orokorrak aplikatzeko bada. Baina ezingo da eragiketa orokorrik aplikatu elementuak gehitu edo kentzeko, argazkiz osatutako mosaikoa egiteko edota jatorrizko konposizioa aldatzeko».
Lanak aurkezteko epea urriaren 26ko 13:00etan amaituko dela jakinarazi dute, eta ondoko webgunearen bitartez bidali beharko dira: www.bizkaia.eus/revisionPTPBM.
Epaimahaia
Argazkiak bidaltzerakoan argazkiaren izenburua jakinarazi beharko da, bai eta parte hartzailearen datu pertsonalak zehaztu ere. Argazkia non aterata dagoen ere adierazi beharko da.
Epaimahaia ondokoek osatuko dute: Bizkaiko Foru Aldundiko hiru ordezkarik eta lehiaketaren deialdia egin duen sailak izendatutako eta argazkilaritzan adituak diren hiru kidek.
Aurreratu dutenez, argazki irabazlea aukeratzerakoan epaimahaiak ondoko alderdiak hartuko ditu kontuan: kalitate artistikoa, erabilitako argazkilaritza teknika, konposizioa, argia, enkoadraketa, originaltasuna eta zein neurritan egokitzen den lehiaketaren helburura.
Irabazleak 600 euroko saria jasoko du, eta argazki irabazlea Bizkaibus autobus zerbitzuko autobus batzuen kanpoko aldean ipiniko da ikusgai. «Sari nagusiaz gain, 150 euroko beste hiru sari ere emango dizkiegu aipamena merezi duten beste hiru lani».
Aurkezten diren lan guztiak Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean (www.bizkaia.eus) eta sare sozialetan ikusgai ipiniko dituztela esan dute.