Busturialdea harrera eskualde bihurtu gura dute asteburutik aurrera
Busturialdea harrera eskualde bihurtu gura dute, eta etzitik aurrera Gernika-Lumok hamar errefuxiatu inguruko taldea jasoko duela jakinarazi dute; bloke naranjan biziko dira eta zapatuan egingo diete harrera.
Eguazten iluntzean etorkinen harrera prestatzeko asanblada herrikoia egin zuten Astran eta 43 pertsona inguru bildu ziren. Orain arte Bakearen Hiria bezala ezagutzen dena harrera herri bihurtu nahi dutela esan zuten bertan, bai eta Busturialdea harrera eskualde izatea ere. Hori lortzeko lanean ari dira herriko norbanakoak eta eragileetako kideak, lehen pausoak emanez.
Errefuxiatu batzuk, adibidez, Bilbon autogestionatutako zenbait lekutan hartatu dituzte. Baina, horietan ez dago denentzako lekurik, eta beraz, azaldu dutenez, “beste leku batean bizitzeko lekurik ez dutelako” erabaki dute Gernika-Lumora etortzea.
Momentuz, Eztena proiektu autogestionatuaren kideek okupatzen duten blokean egotea erabaki dute.
Espainiara iristean errefuxiatuek legez kanpoko kanporaketak eta errepresio bortitzak sufritzen dituztela diote Eztenako kideek. Gainera, instituzio eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek ez daukatela bitarteko nahikorik uste dute: “Edozein azal kolore edukita lanera joan behar dugunok, emakumeok, langabetuok, pentsiodunok… elkarrekiko dugun elkartasunean oinarrituta egin behar dugu lan. Gure kasuan errefuxiatuei harrera eginda».
Bilketak, egunotan. Hainbat dira errefuxiatuei ondo etorria emateko mugitu diren herritarrak. Hori horrela, etorkinei harrera beroa egiteko bilketa gunea jarri dute martxan Merkurion. Gaur eta bihar 11:00etatik 20:00etara egongo dira.
Arropa eta janari bilketez gain, euskara eta gaztelera klaseak, auzolanak eta ortorduak egingo dituzte beraiekin.
Besteren artean, janaria, arropa, etxerako produktuak eta higiene produkuak bilduko dituzte Merkurion; errefuxiatuen egoera hobetzeko asmoagaz.
Asteburuko bilketak aurrera eramateko, herritar guztien elkartasuna eta laguntza beharrezkoak izango direla nabarmendu dute.