Udalak semaforo berri bi jarri ditu martxan Carlos Gangoiti kalean
Bideen eta herritarren segurtasuna hobetu asmoz, Gernika-Lumoko Udalak bi semaforo berri jarri ditu martxan Carlos Gangoiti kalean. Orain arte, Jai Alai frontoiaren aurrean egon den semaforoa lekuz aldatu dute, eta beste bat jarri dute tarte laburrean....
Orain arte, Jai Alai frontoiaren aurrean egon den semaforoa lekuz aldatu dute, eta beste bat jarri dute tarte laburrean. Semaforo hori San Fidel Ikastolako sarrera nagusiaren parera lekual- datu dute, 10 metro inguru atzerago. Gainera, beste bat jarri dute Urkieta kalearen aurrean. Biak ala biak oinezkoentzako pasabideen ondoan jarri dituzte.
Aldaketa horiek tarte horretako istripu arriskua murrizteko egin dituztela esan du Jose Mari Gorroño alkateak. Izan ere, inguru horretako bide segurtasuna hobetzeko eta oinezkoen eta ibilgailuen mugimenduak ordenatzeko beharra zegoen.
Aurrekontua 102.380 eurokoa dela jakinarazi dute.
Aldaketa gehiago
Dena dela, semaforo aldaketa hori ez dela udalak egingo duen herri lan bakarra izango azaldu du alkateak. Lorategieta auzoko 10. zenbakiko ataritik 20. zenbakiko atariraino ere obrak egingo dituzte, bide tarte hori hobetzeko helburuagaz.
Goikoibarra eremu industrialean ere, kalearen zoladura aldatuko dute. 16. zenbakitik 33. zenbakira lurra asfaltatuko dutela jakinarazi dute. Hala eta guztiz ere, Goikoibarrako eraikin batean obrak egiten ari direnez, tarte bat asfaltatu barik geratuko dela azaldu du udalak, «lanok amaitu arte». Santa Luzia 46 eta 48 atarien arteko bidean ere hobekuntzak egingo dituzte.