Giro beroa, eta erakustaldi paregabea.
EuroCup Women Txapelketa jokatzea ametsa zela zihoten klub gernikarreko kideek. Amets gozoa. Ilusioagaz eta kemenagaz
pauso garrantzitsua eman zuten Lointekeko jokalariek atzo iluntzean. Taldekako Fasera sailkatzeko txartela bermatzeko garaipen gogoangarria lortu zuten.
Lointek Gernika Bizkaia
92-50 nagusitu zen
Basket Namur Capital talde belgikarraren aurkako aurretiazko kanporaketako joaneko partiduan. Malosten bildutako 800 zaleek ez dute ahaztuko atzokoa. Talde gernikarrak iaz Bilboko Casillan lehiatu zituen etxeko partiduak, eta oraingo honetan, bere kantxan estreinaldi ezin hobea egin du. Etxean hasitako ametsa Belgikan borobiltzeko erronka dute orain. Izan ere,
eguenean (urriak 11) lehiatuko
dute bueltako partidua (20:30).
Argazkia: Gernika KESB.
Amaierako 42 puntuko aldeak erakusten duen moduan, etxeko jokalariak nagusi izan ziren partidu osoan.
Defentsa lan ikusgarria (23 baloi galtze eragin zituzten),
erasoan ideiak argi eta talde lan izugarria eginez lortu zuten garaipena. Atsedenaldirako partidua erabakita utzi zuten.
Hasiera gazi-gozoa izan zuen neurketak. Etxeko taldeak nahi baino gehiago barkatu zuen. Baina, hasierako minutuetatik Lointeken defentsa irmo aritu zen, eta ondorioz, esaterako, aurkariak sei bat minutu egon ziren punturik lortu barik. Partidua hasi eta bost minutura, 9-2ko markagailuagaz aurretik zegoen Lointek. Rountreek erasoan asmatu zuen eta Molina oso bertikal aritu zen. Hala,
Ariztimuñok 6,75 metrotik lortutako saskiratzeagaz zutik jarri ziren zaleak. 14-4 zihoazela hutsartea eskatu zuen belgikarren entrenatzaileak, baina, ondoren egoera ez zen aldatu, eta 18-6k markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Argazkia: Gernika KESB.
Bigarren laurdenean motorrak berotu zituzten etxekoek. Mario
Lopezek txandakatzeekin asmatu zuen. Batik bat defentsan emandako erakustaldiak markatu zituen atsedenaldira heldu aurretiko minutuak. 25-6ko markagailuagaz Namurreko jokalariak noraezean zebiltzan. Lau minutu behar izan zituzten bigarren laurdeneko lehen saskiratzea lortzeko; Horobets-ek hirukoa sartu zuen. Jarraian, Jones-ek eta Mestdagh-ek beste bana egin zituzten. Baina, horiek ez ziren nahikoa izan, eta gainera, Vanserwal-ek modu berean erantzun zien.
36-18ko emaitzagaz amaitu zuten lehen zatia. Atsedenalditik bueltan, defentsa gernikarraren aurrean, hirukoekin saiatu ziren belgikarrak. Etxekoak partiduan sartuta jokatu zuten; kontzentrazioa galdu barik. Roundtree-k min handia egin zien aurkariei, Vanderwal-ek lan asko egin zuen, eta ia dena ondo eta Berezhynska-ek aurkariengan hutsegiteak eragin zituen. Naiara Diez kapitainaren hirukoagaz 37 puntuko aldea lortu zuten, eta
64-27ko emaitzagaz heldu ziren
azken txanpara. Alde nabarmena izan arren, Lointekeko jokalariek bereari eutsi zioten, errenta handitzeko gosez zeudela argi utzi zuten. Namurrekoek aurreko minutuetan baino saskiratze gehiago lortu zituzten, baina, talde lanagatik baino, banakako jokaldien ondorio izan ziren. Etxeko taldeak azken unera arte erakustaldia eman zuen.