Tirolinagaz batera, korrika egin edo lasterketak egiteko 500 metroko zirkuitua eraiki du Bermeoko Udalak.
Irune Ormaetxea Bermoko Kirol zinegotziak adierazi duenez,
50 metroko tirolina horrekin “umeek eta gazteek jolasteko eta ondo pasatzeko aukera” izango dute. Tirolina
bikoitza dela nabarmendu du, hau da, bi pertsonek aldi berean erabili ahalko dute.
Tirolina bikoitza jarri dute. Argazkia: Bermeoko Udala
Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, “Burujabetasun zelaia
aisialdirako espazio aktiboa” bihurtu nahi izan dute. Bizitza aktiboa sustatzen duten bi proiektu horiek Bermeoko Udalak eta Enagasek finantzatu dituzte; horren harira, enpresa horri eskerrak eman dizkio Ormaetxeak.
Gogoratu duenez, tirolina herritarrek Bermeoko Udalari egindako
“eskaera bat” izan da, izan ere, “gaztetxoekin izandako hainbat topaketetan betiere Bermeon tirolina bat izatea gustatuko litzaiekeela” jakinarazi izan diote Ormaetxeari, “baita umeekin egindako parte hartze prozesuan ere”.
Azpimarratu duenez, Burujabetasuna zelaian tirolina eta zirkuitua jarrita “aisialdirako gune natural atsegin eta erakargarria” egitea lortu dute. “Tirolina zein zirkuitua elementu oso positiboak direla” uste du zinegotziak, horiekin “bizitza aktiboa ahalbideratzen” dutelako, eta horrek, aldi berean, “bizitza osasuntsua sustatzen laguntzen duelako”.
Bukatzeko, “udalak herritarren
bizi kalitatea hobetzeko” lan egiten duela nabarmendu nahi izan du Ormaetxeak eta Burujabetasun zelaian egindako lanek “ohitura osasuntsuak sustatzen” lagunduko duela adierazi du.