Urriko Lehen Asteleheneko azoka ospatu dute atzo eta gaur Gernika-Lumon. Urteroko hitzorduak ez du hutsik egin, eta
Piriniotar Abelburuen Euskadiko 33. Txapelketa lehiatu dute.
Epaileek atzo egin zituzten lehen aukeraketak, eta gaur erabaki zituzten sari nagusiak. Hala, aurtengo lehiaketako abelbururik onenak, Mari Carmen Abendibarrenak izan dira, “produktuaren homogeneotasunagatik”.
Lehia estua egon da saridunaren eta Jon Koldo Bikandiren ganadutegien artean, baina, “zekorraren ezaugarriengatik” aukeratu dute Abendibarrena ganadutegia onenatzat. “Erabakia oso zaila izan da, lehiatuta egon da iurretakoen artean, baina, Abendibarren alde jokatu duen puntua zekorra izan da. Ganadutegi homogeneoena aukeztu du, eta zekorrak eman dio garaipena”. Hala ere, aurkeztutako lau ganadutegiak ondo prestatutakoak izan direla aitortu dute epaileek.
Lehia bizia izan da, eta Abendibarren senar Rufino Jaiok jaso du saria. Haren berbetan, ganadutegia aukeratzeko orduan “beti” egoten dira zalantzak: “Arautegiak ezartzen dituen xehetasunak bete behar dira, eta aurten, horiek egoki bete ahal izan ditugu”. Ganadutegien kasuan, homogeneotasuna errespetatu behar dela esan du Jaiok, “guztiek estilo berdina izan behar dute-eta”.
Ganadutegi onenaren eta ar onenaren sariak eraman ditu aurten Abendibarrek, eta Jaiok ez dagoela sekreturik aitortu du sari banaketan: “Beste ganadutegien moduan hezten ditugu abelburuak, ez daukagu sekreturik, baina, garrantzitsua da animaliak mimoagaz lantzea”.
Jon Koldo Bikandiren ganadutegia izan da bigarren, eta abeltzainak Abendibarren ganadutegia aurten hobeto landuta egon dela esan du. “Nahiko parekatuta egon gara, eta zekorrak atera du desberdintasuna, hori egia da”. Hala, baina, aurten eme txapeldunaren saria eraman du Bikandik: “Ganadua ondo prestatu behar da, eta horrela egiten saiatzen gara, oso kapritxosoak gara prestaketa lanetan”, azaldu du iurretarrak.
Jasotako sariekin “oso pozik” zegoela aitatu du gainera, eme txapeldunaren sariaz gain, aurkeztutako
bost behietatik bost sari jaso dituelako. Gehiago ezin duela eskatu adierazi du.
Abeltzain gazteak indartsu
Aurkeztutako abelburuen maila “oso ona” izan dela uste du Rufino Jaiok: “Urtero maila hobeagoa dago. Enparauek ere ganadu ona ekartzen dute, eta edozein egunetan beste batzuk ere Bikandigaz eta gugaz punta-puntan egon daitezkeela uste dut”.
Jon Koldo Bikandik ere ondo ikusi du abeltzainak: “Bizkaian indartsu datoz abeltzainak. Gure etxean semeak ere interes handia dauka, eta gaurkoan berak aukeratutako bi behi izan dira txapeldunak. Begi ona dauka”.
120 abelburuk hartu zuten atzo eta gaur Gernika-Lumoko Santa Ana aparkalekua.
Ganadutegiak, guztira
25 izan dira, eta horietan guztietan Bizkaitarrak nagusitu dira. Hain zuzen, Bizkaitik hurbildutako hamahiru ganadutegi bildu dira. Sei izan dira gipuzkoarrak, eta bost nafarrak. Arabako gandutegirik ez da egon.
Azokan, giro ona
Beti bezala, baserriko produktu onenak dastatzeko eta erosteko aukera izan dute bertaratutakoek. Label kalitateko piriniotar okela dastatzeko aukera izan dute bi egunetan.
30 saltoki egon dira, eta denetariko produktuak saldu dituzte. Asko izan dira produktuak dastatzera hurbildu diren herritarrak, eta besteren artean, txakolina, sagardoa, ogia, euskal pastela eta gazta dastatu dituzte.
SARIAK:
- EME TXAPELDUNA:Ā Jon Koldo Bikandi (Iurreta)
- AR TXAPELDUNA: Mari Carmen Abendibar (Iurreta)
- HAZI-JARTZEAREN EME TXAPELDUNA: Juan Antonio Uztarroz (Senosiain)
- GANADUTEGI ONENA: Mari Carmen Abendibar (Iurreta)