Hango eta hemengo musikagaz dantzan
Argentinako, Mexikoko eta Brasilgo kantuak eta kontuak batu ditu aurtengo Ibarruriko Dantzari Egunak.
Euriak eta haize zakarrak ez zuen jai giroa zapuztu eta bertoko eta inguruko herritarrek egun pasa ederra egin zuten. Euskal Herriko dantza eta kantuak eta latinoamerikakoak uztartu zituzten atzo.
Ume, gazte eta helduek dantza erakustaldi bikaina eskaini zuten frontoian, beste urte batez, eta Ibarruriko koruak musikatu zuen ikuskizuna. Se me olvido otra vez eta No volvere kanta ezagunak abestu zituzten, eta Xabier Leteren Habanera kantatu zuten dantzariei lagunduz.
Aldapeko Sagarraren kanta ezagunagaz dantzari egunerako prestatutako koreografia aurkeztu zuten Baso Txoritxuko ume eta gaztetxoek. Hainbat euskal dantzetako pausoak nahastuz sortu zuten hori. Dantza erakustaldia amaitzeko, aldiz, La Lambada abesti brasildarraren doinupean gorputzak mugitu zituzten.
Bazkaritan 160 bat pertsona elkartu ziren frontoian, eta arratsaldea ere musikaz girotu zuten. EinGO taldearen erromeriagaz giroa berotu zuten, eta mojitoa eta txokolatea dastatzeko aukera izan zuten.