Droga-trafikoaren aurkako operazio bat burutu du Ertzaintzak, Gernika-Lumon
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Ertzaintzak drogen aurkako operazio bat jarri zuen martxan, Gernika-Lumon. Joan den barikuan, ehun bat estasi-pilula eta 4 kilogramo kokaina eta speed antzeman zituztela zehaztu dute.
Droga-trafikoaren aurkako operazioan 32, 38 eta 58 urteko hiru gizonezko atxilotu dituzte. Helduena taldearen burua izan dela uste dute. Argitu dutenez, Araban eta batez ere Gernika-Lumo eta bere inguruetan drogen salmenta lanetan aritu da taldea.
Ustez salerosketa horietan inplikaturik zeuden pertsonak behatzeko lanak egin dituzte ertzainek. Iturrien arabera, joan den barikuan, atxilotutako bi pertsona zelatatzen ari ziren, Gernikatik Gasteizera autoan zihoazela.
Merkatal-zentru batean geldialdia egiterakoan, taldearen ustezko burua eta bere kidea beste ibilgailu bateko gidariarekin harremanetan jarri ziren, eta poltsa bat eskaini zietela ohartu ziren, diruaren truke. Salerosketa ikustean, ertzainek susmagarriak atzeman zituzten, eta aipatutako poltsa arakatzerakoan ehun bat estasi-pilula aurkitu zituzten.
Hiru susmagarriak atxilotu ondoren, horien bizilekuak eta jabetzak arakatzeari ekin zioten. Segurtasun Sailak zehaztu duenez 3,2 speed kilogramo eta 800 gramo kokaina konfiskatu zituzten guztira, 6.000 euro eta drogak prozesatzeko eta lantzeko hainbat tresnekin batera.
Barikuko operazioagaz, droga-trafiko lanean aritzen zen talde horren jarduerak bukatutzat eman ditu Ertzaintzak, eta atxilotuak epailearen esku utzi dituztela adierazi dute.