Gernika-Bilbao Running probak mila korrikalaritik gora elkartuko ditu
Hirugarren urtez egingo dute Gernika-Bilbao Running lasterketa. Mila korrikalaritik gorak izena eman dute domeka honetan (urriak 7) egingo duten proba ez-lehiakorrean parte hartzeko.
Aurrekoetan moduan, oraingo honetan ere lau aukera daude. Hau da, Gernika-Lumotik, Zornotzatik, Galdakaotik edo Basauritik abiatuta egin daiteke lasterketa. Dortsalen koloreagaz bereiztuko dira parte hartzaileak. Gernikatik Bilboraino doazen korrikalariek urre koloreko dortsala eroango dute soinean. Zornotzatik ateratzen direnek zilar kolorekoa edukiko dute, Galdakaotik irtendakoek brontzezkoa, eta Basauri eta Bilbo arteko zatia egiten dutenek zuria.
Lasterketa osoak 35,43 kilometro ditu. Korrikalariek 10:00etan ekingo diote probari, Merkurio parean, eta Bilboko Kale Nagusian, Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean egongo da helmuga.
Zornotzatik Bilbora arteko lasterketa (21,75 km) 10:55ean hastea aurreikusi dute. Galdakaotik Bilbora arineketan doazenek 11:37ean daukate irteera-ordua, eta 12,24 km-ko lasterketa egingo dute. Azkenik, Basauritik Bilbora 8,10 km egingo dituzte, 11:47ean irtenda.
Mugak gainditzen. Aurtengo lasterketak “egitasmo inklusiboa” dakar: Erronka bategatik elkartuta. Oztopoak gainditzen. Lelo horrekin oztopoak gainditu litezkeela erakutsi gura dute.
Hala, hori argi uzteko, Zornotzako irteeran bi gonbidatu izango dituzte. Garun-paralisia duen 15 urteko Urtzi Gonzalez eta ikerketa fasean dagoen gaixotasun neurodegeneratiboa duen 47 urteko Julio Calvo. Bilboko udaltzainen eta suhiltzaileen laguntzagaz burutuko dute ibilbidea. “Gurpildu aulkian egotera eraman dituzte bi gaixotasunek, eta bizitzeko beste modu bat markatu diete. Egoerari ausardiaz aurre egiten ari dira”, esan dute antolatzaileek. Berdintasunaren eta eskubideen alde egunero borrokatzen duten pertsonen eredu direla zehaztu dute.