Elai-Alai Dantzari Taldeak kurtso berriaren bilera egingo du martitzenean
Elai-Alai Dantzari Taldea prest da kurtso berria hasteko. Martitzenean, 18:30ean, Pasealekuko frontoian bilduko dira batzarrean. Bertan, entsegu egunak zehaztuko dituzte bertaratutakoekin.
Elai-Alai dantza taldean,ume, gazte zein helduek parte hartzen dute. Gehienezko adinik ez dago, baina taldean onartuko dituzten gazteenak 2011. urtean jaiotakoak direla jakinarazi dute.
1927. urtean sortu zuten herriko dantza taldea, eta, ordutik, udalerriko zein bestelako herrietako txokoetara eramaten dituzte ikasitako dantzak.
Adinaren arabera banatuta entseatzen dute; astean behin, ordubetez. Dantza berriak ikasteko aukera izaten dute dantza taldean parte hartzen dutenek, eta baita lagun berriak egiteko aukera ere.
Herriko auzoetako jaietan izaten dira beraien gaitasunak erakusten, eta baita Gasteiz eta Oñati bezalako herrietan ere. Busturialdeko Dantzari Egunean ere ez dute hutsik egiten, eta urtean irteera bat ere egiten dute asteburua igarotzeko.
Taldean parte hartu nahi duenak batzarrean bertan eman ahalko du izena; elaialaigernika@gmail.com helbidera mezua bidalita ere jarri ahalko da harremanetan taldeagaz.