Diskoa argitaratuko duten Gernika-Lumoko
taldeei bideratutako 3.000 euroko diru laguntzak eskainiko ditu Kultur Etxeak.
Lehenengoz emango du laguntza hau, eta ohiko laguntzetatik aparte emango den zerbitzua dela azaldu dute arduradunek. 3.000 euro horiek aurkezten diren eta baldintzak betetzen dituzten talde guztien artean banatuko dira.
Iñigo Magunagoikoetxea Kultur Etxeko presindenteak azaldu modura, udalerriko kultur mugimenduaren oparotasuna eta aniztasuna agerikoa da. Aniztasun horren barruan, musikaren esparruak presentzia nabarmena dauka;
20 musika talde baino gehiago baitaude herrian. “Asko dira, Gernika-Lumon aurki daitezkeen musika taldeak, abesbatzak, trikitilariak, txistulariak, bandak eta bakarkako abeslariak, badagoen aniztasunaren seinale”.
Esparru horretara zuzendutako musikarientzako da Kultur Etxeak eskainitako diru laguntza. Izan ere, diskoak grabatzea izaten da askotan taldeen helburu nagusia, eta diskoak argitaratzeko orduan
zailtasun tekniko eta ekonomiak edukitzen dituzte. Horren aurrean, “diska grabatzeko momentuan laguntza eskaintzeko asmoagaz” aurrera eramandako ekimena da hau.
Herriko sormena bultzatzea dela helburu nagusia zehaztu du Magunagoikoetxeak, “sormena bultzatzeaz hitz egiten dugunean, diskoa grabatzeko bide horretan diru laguntzekin pauso bat gehiago emango dugulako”. Horregaz batera, Gernika-Lumoko historia musikalaren alde egiten delako bultzatu dute diru laguntzen ideia.
Gernika-Lumoko
talde ezberdinen parte hartzea espero dutela aitortu du Cristina Arana Kultur Etxeko zuzendariak. “Diru laguntza hauek rock musika egiten dutenenei zuzendutakoak dira, baita abesbatzei edota norbanako musikariei ere. Denetariko musikariak ditugu udalerrian, eta denei eskaintzen zaien laguntza da honakoa”.
Gainera, Aranaren ustetan, ekintza honek gazteak Kultur Etxeko zerbitzuetara hurbilduko ditu, eta parte hartzea handiagotuko du.
Arautegia. 2018. urtean lehenengoz aurkeztu duten laguntza da, eta diskoak argitaratzera doazen taldeei bideratutakoa dela jakinarazi du Aranak.
Musika taldeei diru laguntza honen bitartez bultzada bat ematea beharrezkoa dela uste du Kultur Etxeko zuzendariak. Hala, baina, baldintza batzuk bete beharko dituzte taldeek; ezinbesteko baldintza, 2018. urtea bukatu baino lehen diskoa argitaratzea da.
Horrez gain, badaude normalean eskatzen diren
administrazio baldintzak ere. Interesatuta dauden taldeek Kultur Etxean aurki daitekeen eskaera orri bat bete beharko dute, eta horregaz batera, NANa, bankuko zenbakia eta diskoa editatu den agiria aurkeztu beharko dituzte.
Eskaera hori, urriaren 26ko 21:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute.
Urriaren 26a eta gero, falta den dokumentazioa zuzentzeko 15 eguneko epea zabalduko dutela jakinarazi dute arduradunek.
Administrazio kontu horiez gain, bestelako baldintza batzuk ere bete beharko dituzte taldeek, “diru laguntzen helburuagaz estuago lotuta daudenak”. Gernikako taldeen zabalkundea eta sorkuntza denez ekimenaren helburu nagusia, taldeko kideen
%50 Gernika-Lumon erroldatua egotea, edota bertoko musika guneetako batekin harremana izatea eskatuko dutela adierazi dute -Iparragirre Rock Elkartea, Trinkete edota udalerriko musika eskolak dira gune horietako batzuk-.
Gainera, oraindik eguna zehaztu gabe dagoen arren, taldeek
ongintzako kontzertua eman beharko dute Lizeo Antzokian abendu aldera. Gogorarazi dute, abestien letrak zaindu egin beharko dituztela, ez dituztelako arrazakeria eta genero desberdintasuna bultzatzen dituzten letrak onartuko.
Magunagoikoetxeak eta Aranak araudia prestatzen lagundu dieten musikari eta talde guztiak izan dituzte gogoan, eta eskerrak eman dizkiete gaurko aurkezpenean.