Diru bilketa hasi dute Ekairi buruzko dokumental bat egiteko
Grabaketa egiteko materiala alokatu eta bestelako gastuak ordaintzeko 3.000 euro inguru behar dira. Lana Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak zuzenduko duEkairi omenaldi xume bat egingo dion domunentala grabatu nahi dute, baina gauzatzeko dirua beha...
Grabaketa egiteko materiala alokatu eta bestelako gastuak ordaintzeko 3.000 euro inguru behar dira. Lana Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak zuzenduko du
Ekairi omenaldi xume bat egingo dion domunentala grabatu nahi dute, baina gauzatzeko dirua behar dutela azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek. Grabaketa egiteko materiala alokatzeko eta lanaren bestelako gastuak ordaintzeko, 2.500 eta 3.000 euro bitartean beharko direla kalkulatu dute.Proiektua diruz lagundu nahi dutenek Laboral Kutxan zabaldu duten kontu korrontean egin dezakete ekarpena, honako zenbakian: ES36 3035 0021 13 0211108690. «Proiektu eder eta hunkigarri hau bere osotasunean aurrera eramateko kontu bat ireki dugu. Laguntzaileen prestutasuna eskertzeko laguntzaileen izenak filmaren kredituetan agertuko dira. Hala ere, laguntza anonimoki emateko aukera ere egongo da. Laguntza guztiak, txikiak zein handiak, bihotzez eskertzen ditugu». Lortutako diru laguntzen kopurua beharrezkoa baino gehiago balitz gainontzeko dirua Chrysallys Euskal Herria elkartera bideratuko luketela ere azpimarratu dute.
Dokumentalak, hain zuzen ere, Ekairen borroka jasoko du. Lana egiteaz Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarra arduratuko da. Eta Ibarrak lana musutruk egingo baldin badu ere, dirua alokairua edota lantaldeari ordaintzeko izango dela azaldu du. «Lana ganoraz egin ahal izateko, gutxiengo batzuk behar ditugu».
Sentsibilizatzeko era bat
Lanari dagokionez, bestalde, proposamena berea izan dela agertu du zinemagile ondarrutarrak. «Dokumentalaren gidoia idatzita nuen, eta horren berri eman nien Elaxarri eta Anari. Ekairena gertatu zenean, hori gehiago ez dela gertatu behar pentsatu nuen. Gaiari bueltak ematen hasi nintzen, eta gidoi bat hasi nintzen idazten. Dena amaitu nuenean, horren berri eman nien gurasoei».
Ibarrak aurreratu duenez, lanaren titulua Mi pequeño gran samurai izango da. «Elaxarrek holantxen deitzen dio bere semeari, eta lanari hori titulua ipintzea proposatu nien. Dokumentala, gainera, Elaxar eta Ana gurasoei eskaini nahi diet, eta, batez ere, jendea gaiari buruz sentsibilizatu nahi nuke, gehiago horrelakorik gertatu ez dadin». Grabaketa otsailean egitea aurreikusi dute, asteburu batean. «Otsailaren 16an urteurren omenaldia egingo diote Ekairi Beikozinin, eta hortik abiatuta hasiko dugu grabaketa».
Diru bilketa aurreko astean abiarazi zuten, eta martxa onean doala azaldu dute. Urte bukaerako erronka beteko dela uste dute Ekairen hurrekoek. «Zenbat-eta gehiago batu, hobe, gainontzeko dirua Chrysallisera bideratuko da eta». Dirua lortzeko, gainera, jendea euren borondatez ekimenak egiten hasi da. Askotariko elkartasun ekintzak antolatu dituzte: tatuajeak, elkartasun gin tonic-ak, edertasun saioak, dendetan itsulapikoak…
Ekai gogoan
Urriaren 13an, Ekaik 17 urte beteko zituen egunean, ostera, gaztea gogoratuko duen monolito bat ipiniko dute Itsasaurre plazan.
Ekitaldia 13:00etan egingo da, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte Ekairen hurrekoek. «Gure urtebetetze oparia da, eta bide batez, LGTB kolektibo guztiari ere eskaini nahi diogu. Ekitaldian kantautore batek ere abestuko du, baina nahi duenak dantza bat egin, bertso bat abestu edo olerki bat irakurri, ongietorria izango da».