Aurten %44 hazi da Bizkaiko hondartzetako erabiltzaile kopurua
Bigarren urtez jarraian erabiltzaileek «oso ondo» nota ipini diete Bizkaiko hondartzei. Aldundiak dio baloraziorik onena jaso duen alderdia segurtasuna izan delaBizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, erabiltzaileek «oso ondo» nota jarri diet...
Bigarren urtez jarraian erabiltzaileek «oso ondo» nota ipini diete Bizkaiko hondartzei. Aldundiak dio baloraziorik onena jaso duen alderdia segurtasuna izan dela
Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, erabiltzaileek «oso ondo» nota jarri diete Bizkaiko hondartzei. Bisitari kopurua ere urtez urte hazten doala esan dute. Hala, aurten 3,5 milioi bisita erregistratu dituzte. «Iazko datuekin alderatuta, aurten %44,64 bisitari gehiago zenbatu dira. Datu hori azken lau urteetako kopururik handiena da». Erabiltzaileek ondoen baloratu dutena hondartzetako segurtasuna da; arlo horretan «bikain» nota (8,72) jaso dute hondartzek.Orokorrean, 10etik 7,8ko nota jaso dute hondartzek, iazko nota bera. Notarik altuenak Plentziako eta Gorlizko hondartzek jaso dituzte, 9,08 eta 9,02, hurrenez hurren.
Segurtasunaren baitan, Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak jaso du notarik altuena (9,76). Alor horretan notarik baxuena lortu duen hondartza Muskizko La Arena izan da (8,20).
Bainurako segurtasunak 9,58ko nota jaso du, sorosleen tratuak eta adeitasunak 8,43 eta hondartzainen eraginkortasunak 8,28.
Garbiketaren balorazioa
Segurtasunaren ostean, erabiltzaileek ondoen baloratzen duten alderdia garbiketa da (7,69). Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuaren berbetan, garbiketaren barruan ondoen baloratzen diren alderdiak dira freskagarrien laten eta hondakin artifizialen laten garbiketa (8,82), paperontziak eta edukiontziak eskura egotea (7,99), hondartzen garbiketa egoera (7,95) eta hondartzaren kontserbazioa (7,94).
Hondartzetara joaten den gehiengoak (%68,6) umeentzako eskumuturrekoen zerbitzua ezagutzen duela gaineratu du. Zerbitzu horrek 8,85eko kalifikazioa jaso du.
Aurten sei hondartzetan egon da aniztasun funtzionala dutenenentzako zerbitzua: Ereaga, Isuntza (Lekeitio), Arrigorri (Ondarroa), La Arena (Muskiz), Plentzia eta Gorliz. «Lagundutako bainuaren zerbitzu hori hamar pertsonatik zazpik ezagutzen dute, eta gehiengoak balorazio positiboa egin du».
Inkestak, gainera, erabiltzaileen ohiturak aztertzen ditu. Hala, hondartzetara joaten diren gehienak 19 eta 45 urte bitarteko herritarrak direla diote. «Adin tarte horretako erabiltzaileak egunero edo astean gutxienez bi edo hiru aldiz joaten dira hondartzara». Eta erdiak baino gehiagok (%54,3) ibilgailu partikularrean joaten dela erantzun du. Egunero bisita gehien erregistratu diren hondartzak Ea, Bakio eta Plentzia izan dira.
Umeekin hondartzara joaten direnak lautik bat direla esan dute. «Adingabekoekin hondartzara joaten diren helduen portzentaiarik altuenak Aritzatxun (Bermeo), Ean eta Arrigorrin zenbatu dira».
Hobetu beharrekoak
Unzuetak erabiltzaileek egindako balorazioa «oso positiboa» dela esan du, «bai kuantitatiboki eta baita ere kualitatiboki». Halaber, erabiltzaileek kalifikazioak kontuan hartuta, hondartzak kudeatzeko «sistema ona» daukatela gaineratu du. «Urtez urte hondartzetan zerbitzuak emateko egiten den lanak eta erabiltzen diren bitartekoak emaitzak onak ematen jarraitzen dute».
Datuak ona badira ere, oraindik hobetu behar diren alderdiak daudela gaineratu du. «Orain arte egin modura, lortutako maila mantentzeko eta hobetzeko ahalegin guztiak egiten jarraituko dugu».