Ospitaleari buruzko mozioak onartu dituzte Bermeon, Ean eta Muxikan
EH Bilduk Gernika-Lumoko ospitalean “hitzemandako” ospitalizaziorako oheak jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta horretarako mozioak aurkezten hasi da Busturialdeko udalerrietan. Bermeon eta Ean aurreko asteko osoko bilkuretan onartu zuten eskaera, eta eta Muxikan uztailean.
Ean EHBilduren aldeko botoekin aurrera atera zuten adierazpena, eta EAJk kontra bozkatu zuen. Bermeon, berriz, EHBilduk, Izartuk eta Guzanek eman zuten aldeko botoa, eta EAJ kontra agertu zen. Muxikan EH Bilduk alde bozkatu zuen, eta EAJk kontra.
Gernika-Lumon ere eguazten arratsaldeko osoko bilkuran bozkatu zuten. EH Bilduren zinegotzien aldeko botoen aurrean, udal gobernua osatzen duen EA-EAJ koalizioko kideak abstenitu egin ziren.
Bestalde, Busturiko, Errigoitiko, Kortezubiko, Mendatako, eta Muruetako udaletan ere mozioak aurkeztu dituztela jakitera eman dute, eta hortaz, hurrengo osoko bilkuretan bozkatuko dituzte.
Zerbitzuak eta langileak. Oheak hirugarren solairuan jartzeko eskatzeaz gain, solairu horretan egon beharko litezkeen zerbitzu eta langileak egotea ere eskatzen du EH Bilduk.
Gainera, “proiektuaren hasieran agindutako bestelako zerbitzuak” martxan jartzeko pausoak eman behar direla esan du koalizioak. Besteren artean, hemodialisi zerbitzua martxan jartzea eta erradiologia zerbitzua bere osotasunean erabiltzea aurreikusi zituzten.
Koalizio abertzaleko ordezkariek esan dutenez, erreferentziazko ospitale batetik “urrun” dago Gernika-Lumoko ospitalea. Azpimarratu dute eskualdekoa baino beranduago abiarazi zituzten bestelako proiektuek ospitalizazio zerbitzuak bermatuta dituztela dagoeneko: “Ohe faltak urruti dauden Gorliz eta Santa Marinako ospitaleetaraino joan beharra eragiten die Busturialdeko gaixo zein senideei, beraien kaltetan”.