Kepa Arronategi preso gernikarraren egoera ez dela "onargarria" salatuko du Sarek barikuan
Kepa Arronategi preso gernikarraren egoera ez dela “bidezkoa”, ezta “onargarria” ere salatuko du Gernika-Lumoko Sarek. Barikuan 19:30ean Gernika-Lumoko plazan Orain Kepa, Orain presoak adieraziko dute, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete Sareko kideek.
Irailaren 21ean Arronategi preso zegoen Almeriako espetxetik Zuerako espetxera lekualdatu zuen Espainiako Espetxe Zuzendaritzak; 1.000 kilometrotara zegoen Almerian, eta orain, etxetik 35o kilometrora dago.
1997. urtetik darama preso Arronategik, eta larriki gaixo dago. Hala, egoera larri horretan egon arren, preso jarraitzen duten euskal presoen artean dago -Espainiako araudiaren arabera asko beharko luke-. Gainera, Etxeraten arabera, 20 urte daramatza lehen graduko erregimenean, eta hori legediaren aurka doa.
Sareren salaketa. Arronategik bizi duen egoera horren aurrean, Gernika-Lumoko Sarek Arronategik eta bere ingurukoek bizi duten egoera salatzen du. Preso gernikarraren eta bere familiaren intimitate eta pribatutasunaren eskubideak “urratu” dituztela dio Sarek: “Arronategiren mediku diagnostikoaren datuak eta informazioak inongo eskubiderik gabe argitaratu dira. Keparen gaixotasuna ez da publikoa izan orain arte, izan ere, gaixotasun sendaezinak dituzten euskal presoen hamabi kasu ezagutzen ditugu, eta Keparena egon badauden baina publiko egin ez diren hamarreko multzoan zegoen”.
Zuerara hurbildu duten arren, oraindik ere Arronategik “dispertsatuta eta urrunduta” egoten jarraitzen duela esan du taldeak: “Euskal Herrira hurbilduko zutela helarazi zuten instantzia ezberdinetatik, eta ez da horrela izan”. Azken hilabetean preso gernikarra urreratu dute, eta senideen egoera hobetu den arren, ez dela nahikoa salatu du Sarek. “Ukaezina da senideek distantzia, desgastea, xahuketa ekonomikoa, istripu arriskuak… arindu dituztela, baina ez da nahikoa”.
Arronategiren kasua “urgentziazkoa” dela gehitu du: “Lehenengo graduko erregimen zorrotzean egon izan da beti, bizi baldintza eskasetan, dispertsaturik, urrunduta… Ukaezina da horrek guztiak bere osasunean izan duen eragina. Espetxe politika ankerra sistematikoki aplikatzearen ondorioa da bere gaixotasuna. Horregatik, etxean egon beharko luke. Etxekoekin. Espetxeetako lau hormak ez direlako inoiz izango bere egoera artatzeko leku egokia”.
Konponbiderako garaia. Gaur egungo errealitatea ez datorrela bat Arronategik bizi duenarekin adierazi dute Sareko kideek. Gainera, konponbidearen alde aldarrikatzeko momentua “orain” dela argi esan dute, eta berriro aldarrikatuko dute etzi. “Urteetan sortutako jendearen arteko arrakalak elkarrekin sendatzeko unea da orain”.