Bizkaieus bilgunea sortzeko lehen pausoa eman dute Gernika-Lumon
Bizkaian euskara eta bizkaiera bultzatzeko foroa edo bilgunea da Bizkaieus, eta horretarako ildo estrategikoa zehaztu gura dute. Barikuan egin zuten lehenengo batzarra, Gernika-Lumon, eta norbanako zein elkarte eta erakunde bizkaitarrak topagunean part...
Sektoreka ildo zehatz batzuk finkatzea da haien asmoa. Esaterako, irakaskuntzan, komunikabideetan, euskaltegietan eta kultur arloan zer egin daitekeen ikusteko.
Udaberrian herri hizkerari buruzko biltzarra egin gura dute, euskara herri hizkeraren ikuspuntutik nola bultzatu aztertzeko. «Beharbada, egokia litzateke beste euskalkietako euskaldunak ere gonbidatzea. Azken hamar urteetan euskararen erabilera Bizkaian jaitsi egin delako bilgune edo foro bat sortzeko beharra ikusi dugu. Euskararen kale erabilera hainbat faktoregatik jaitsi da», azaldu zuten Bizkaieus-aren ordezkariek. Beraz, elkarteek, erakundeek eta norbanakoek indarrak batuta lan egin gura dute: «Bizkaiko euskalzaleok ditugun kezkak eta ideiak partekatzeko foroa da sortu gura duguna».
Urtean laupabost aldiz batzartzeko asmoa daukate. Euskal Herria Museoan egindakoari jarraituz, hurrengo bilera bi hilabete barru egiteko asmoa agertu zuten.
Bizkaieus izenagaz abiatu dute egitasmoa, baina hurrengo batzarretan beste izenen bat proposatuz gero, aztertuko luketela jakinarazi zuten.