Ura du ardartz Gautegiz Arteagako argazki lehiaketak
Gautegiz Arteagako udalak 2019ko egutegia prestatzeko argazki lehiaketa deitu du, eta aurtengo gaia Ura Arteagan izango dela zehaztu du. Uraren garrantzia bultzatu gura dute lehiaketako irudien bitartez. “Ura bizi iturria da eta gure ondare naturala, kulturala eta historikoa. Iturriak, errotak, errekak… denak dira gure iraganaren lekuko eta gure etorkizunaren parte”, esan du Gautegiz Arteagako alkate Juan Felix Naberanek.
Gainera, herriko “irudia balioan jartzeko” ere balio du lehiaketak alkatearen iritziz, “paisaia zoragarriak ditugu eta udazkenak argazki ederrak eskaintzen dizkigu”.
Herritarrek parte hartzea nahi du udalak, eta lehiaketara aurkezten dituzten argazkiak 2019ko egutegia prestatzeko erabiliko dituzte. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu, eta argazkiak herrian egindakoak izan behar dira. Halaber, lanak originalak eta inoiz argitaratu gabekoak izan behar dira. Formatuari dagokionez, formatu elektronikoan zein fisikoan aurkez daitezke.
Argazkiak lehiaketara aurkezteko azken eguna azaroaren 9a izango da, 12:00etan. Parte hartzaileek udala.gautegiz@bizkaia.org emailera, zuzenean udaletxean edota postaz bidali ahal izango dituzte lanak: Herriko enparantza, 1; 48314, Gautegiz Arteaga.
Sariak. Lehiaketara aurkezten diren argazki denen artean 12 argazki aukeratuko ditu epaimahaiak, gero, udalak herritarren artean banatuko duen 2019ko egutegian ikusi ahal izengo direnak.
Irabazleak lehiaketagaz zerikusia duen oparia jasoko duela jakinarazi du Gautegiz Arteagako Udalak, eta jasotako argazki guztiekin erakusketa egingo dute herrian. Sari banaketa abenduaren 21ean, 19:00etan, izango da Kultur Etxean.