Iaz moduan, aurten ere
Lointek eta Araski heldu dira finalera, eta talde gasteiztarrak eroan du kopa. Partiduko azken txanpan galdu du kopa Gernika-Lumoko taldeak.
Durangoko Landako kiroldegian lehiatu dute asteburuan Euskal Kopa, eta
70-60 amaitu zen atzo eguerdian finala. Finalaurrekoan Lointek Gernika Bizkaiak IDK Gipuzkoari 71-48 irabazita lortu zuen zapatuan finalera sailkatzea.
Ariztimuño, Vanderwal, Dietrick, Pascua eta Berezhynska boskoteagaz kantxaratu zen Lointek. Lehen minutuetan jaurtiketa onak egin zituzten, baina, eraginkortasuna falta zela nabari zen. Hurrengo minutuetan hobeto aritu ziren, eta puntu bateko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 13-14. Bigarrenean, ez zen aldaketa nabarmenik egon markagailuan, baina, talde gernikarrak iniziatiba gehiago eduki zuen gasteiztarrak baino. Hala,
26-31ko markagailuagaz heldu ziren
atsedenaldira.
Argazkia: Lointek Gernika Bizkaia.
Bigarren zatia ez zen ondo hasi Lointekekoentzat; 0-9ko partziala lortu zuen Araskik. Hurrengo minutuetan talde gernikarra ez zen eroso egon kantxan. Hala ere, jokaldi eta jaurtiketa ikusgarriak utzi zituen taldeak.
Bi puntuko aldeagaz sartu ziren azken txanpan, 47-45-ko markagailuagaz, eta horri buelta ematea lortu zuen Gernika-Lumoko taldeak: 49-54. Baina, nagusitasun horrek ez zien askorik iraun. Araski bizkortu egin zen orduan, eta Lointekek ez zuen zortea aldeko izan partiduko azken minutuetan.