10. urteurrena eurekin ospatzeko gonbidapena luzatu zuten
Haitz Biribil elkarteko kideek, eta forutarrek zein inguruko herrietako bizilagunek ez zuten hutsik egin.
Aurreikuspenak gaindituta, pozik daude antolatzaileak. Hain zuzen, lehenengo urtean izan zuten parte hartze handiena, eta hori gainditzea lortu dute aurten. Hiru probak kontuan hartuta,
555 parte hartzaile elkartu ziren atzo, Foruan. “Eguraldi ezin hobeagaz, orokorrean jendea oso gustora egon zen”, esan dute antolatzaileek.
Urteurren borobila izan denez,
Forutik Forura Mendi Jaia izan da aurtengoa, eta mendi martxa eta lasterketaz gain, herri bazkaria egin zuten. Arratsaldean, berriz, Etxebarria aita-semeen musikagaz girotu zuten Elezalde auzoa, eta umeen jolasak eta puzgarriak izan zituzten.
Urdaibai Koparen azken aurreko mendi lasterketa lehiatu zuten, eta
Mikel Monasterio Asteinza bermetoarrak eta
Itsaso Quincoces Quincocesek jantzi zituzten txapelak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 39 korrikalarik parte hartu zuten.
Atzoko podiuma.
Argazkia: Haitz Biribil Elkartea.
Monasteriok ordubete, 35 minutu eta 19 segundotan amaitu zuen 21,5 kilometroko proba; eguerdiko hamabiak eta bost pasatxotan heldu zen helmugara. Harengandik minutu bat eta zazpi segundora ailegatu zen
Unai Intxaurraga, eta
Ekaitz Lejarzegik osatu zuen gizonezkoen podiuma. Lejarzegi Monasteriorengandik bi minutu eta sei segundora helmugaratu zen, eta Lejarzegirengandik lau segundora heldu zen
Aritz Martin laugarren sailkatua.
Emakumezkoen sailkapenari dagokionez,
Leire Monasteriok eta Leire Sanchezek osatu zuten podiuma. Quincocesek bi ordu, hamar minutu eta 45 segundotan burutu zuen mendi lasterketa. Monasterio bi minutura heldu zen, eta Sanchezek bi ordu, 29 minutu eta 28 segundoko denbora markatu zuen.
Urdaibai Koparen azken proba domeka honetan (irailak 7) lehiatuko dute, Gorozikan. Aurretiaz izena eman gura dutenek eguena arte (urriak 4) dute aukera,
Urdaibai Koparen webgunean.
Argazkiak: Maider Gardoki