Mareak jaialdiak berritasunak eta tradizioa batzen dituen hainbat arte-disziplanatako ekimenak ekarriko ditu
Bermeora urriaren 5etik 11ra bitartean. Egun horietarako kontzertuak, ipuin kontalariak edota dokumentalen proiekzioak batzen dituen
zortzi ekitaldi kultural prestatu dituzte jaialdiaren antolatzaileek.
Jaialdiaren aurkezpenean Irune Ormaetxea Bermeoko Turismo zinegotzia eta Ane Ortube jaialdiaren antolatzailea izan dira. Bertan nabarmendu dutenez, Mareak jaialdi
“berezi eta bitxia” da, eta inguruko herrietan antzeko estiloko zerbait aurkitzea “zaila” dela azaldu dute. Hala izanik, jaialdia antolatzerakoan “normalean inor ohartu barik igarotzen diren bitxi eder eta txikiak” ekartzeko ahaleginak egin dituztela argitu dute, herritarrei “eskura ez dauden” ikuskizunak eskaintzeko.
Egitarau zabala eta anitza prestatu dute,
inguruko zein nazioarteko era guztietako artista eta sortzaileekin lan eginez 2015. urtean hasi zuten egitasmoaren aurtengo programari bizia emateko. Ikuskizunak
Bermeo osotik banatuko dituztela adierazi dute. Jaialdiak iraungo dituen sei egunetan ekitaldiak Kafe Antzokian, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean edota Arrantzaleen Museoan ikusi ahalko dira.
Besteak beste, Japoniatik etorritako Acid Mother Temple & The Melting Paraiso taldearen kontzertua entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Psikodelia japoniarraren erregeek” Europan lan berria zuzenean aurkeztuko duten lehen aldia izango dela nabarmendu du antolatzaileak.
Ortubek azaldu duenez, “urte osoan jaialdiaren egitaraua ilusioz prestatzen” aritu dira, eta jendearentzat “interesgarria” izatea espero du. Bukatzeko, antolatzaileek Bermeoko zein inguruetako pertsona guztiak gonbidatu dituzte jaialdira hurreratzera, “kulturagaz gozatzeko aukera paregabeak” eskainiko dituelako.
Egitaraua:
- Urriak 5: Lurrazpiko ipuinak ipuin saioa Arrantzaleen Museoan, 19:00etan.
- Urriak 6: Nickel & Rose-n kontzertua, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean, 20:00etan.
Acid Mother Temple & The Melting Paraiso-ren kontzertua, Kafe Antzokian, 22:00etan.
- Urriak 7: Inoren Ero Ni-ren kontzertua, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean, 13:30ean.
- Urriak 8: Theory of Obscurity dokumentala, Kafe Antzokian, 22:00etan.
- Urriak 9: Emma Ruth Rundle & Jaye Jayle, Nestor Basterretxea aretoan, 22:00etan.
- Urriak 10: Kankinkabara Txistu Taldearen ikuskizuna, Kurtzioko Baselizan, 20:00etan.
- Urriak 11: Petti-ren kontzertua, Beleza Malandran, 22:00etan.