Lointek Gernika Bizkaiak Euskal Kopa jokatuko du asteburuan
Emakumezkoen Euskal Kopa Durangon lehiatuko dute asteburu honetan, Lointek Gernika Bizkaia, IDK Gipuzkoa, RPK Araskik eta Añares Rioja taldeek.
Landako kiroldegian zapatuan lehiatuko dituzte finalaurrekoak, eta domekan finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua.
Talde gernikarrak IDK Gipuzkoaren kontra jokatuko du finalerdia, 12:00etan. Aurretik, RPK Araski eta Añares Rioja ariko dira zein baino zein gehiago. Horien partidua 09:45ean hasiko da.
Añares Riojak GDKO Ibaizabali irabazita lortu du Euskal Kopa jokatzeko txartela. Domekan Azkoitian jokatu zuten partidua, eta 78-73 gailendu zen talde errioxarra.
Finalaurrekoetako irabazleek, domekan 12:00etatik aurrera lehiatuko dute finala. 09:45ean hasiko da hirugarren eta laugarren sailkatuak erabakitzeko neurketa.
Lagunartekoa. Lointek Gernika Bizkaiak talde gipuzkoarraren kontra lagunartekoa jokatu zuen aurreko zapatuan. Hain zuzen, biharko norgehiagoka prestatzeko balio izan zien bi taldeei, eta Gernika-Lumoko taldea 55-59 nagusitu zen.
Beraz, zapatu honetan garaipena errepikatzeko erronka dute Lointekeko jokalariek. Gainera, hiru urtez jarraian koparen txapeldun izan ondoren, iaz puntu bakarragatik galdu zuten finala, eta aurten kopa etxera ekartzeko lehiatuko direla adierazi zuten taldearen denboraldi honetako aurkezpenean. Talde gernikarrak 67-65 galdu zuen iaz Araski talde gasteiztarraren aurkako Euskal Koparen finala.