Lea-Artibain errefusa kopurua nabarmen gutxitu dela azpimarratu dute
Lehen seihilabetekoan 576.481 kilo errefusa gutxiago jaso dira. Ohiko zerbitzu guztiak mantenduko eta koordinatuko dituzte. Eskualdeko bi amankomunazgoek gida bateratua kaleratu duteLea-Artibai Amankomunazgoko ordezkariek eskualdeko birziklapen datu be...
Lehen seihilabetekoan 576.481 kilo errefusa gutxiago jaso dira. Ohiko zerbitzu guztiak mantenduko eta koordinatuko dituzte. Eskualdeko bi amankomunazgoek gida bateratua kaleratu dute
Lea-Artibai Amankomunazgoko ordezkariek eskualdeko birziklapen datu berriak eman dituzte ezagutzera. Nabarmendu dutenez, 2018 lehen seihilabetean errefusa nabarmen gutxitu da. Datuen arabera, 576.481 kilo gutxiago jaso dira, iazko lehen seihilabetekoan baino %13,53 gutxiago.Era berean, gehiago birziklatu dela jakitera eman dute. Besteak beste, %13,1 paper eta kartoi gehiago eta %10,26 beira gehiago jaso dira. «Bide onetik goaz. Herritarrek ingurumen ikuspegia zabaldu dute. Datu oso positiboak jaso ditugu urteko lehen seihilabetean. Emaitza honetara ailegatzeko lan asko egin da», azaldu du Rakel Elu Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakariak.
Urtarriletik ekainera, berriz, 458.440 kilo organiko jaso dira. Gogorarazi dutenez, organikoa sailkatzerako orduan garrantzitsua da doan banatzen dituzten poltsa konpostagarriak erabiltzea. «Poltsa konpostagarriak erabiltzea berebizikoa da. Plastikozko poltsek, bestelakoan, kalte handia egiten diote konpostari».
Desentralizazioa
Amankomunazgoko lehendakariak, bestalde, aurten ere ohiko zerbitzu guztiak (drogomenpekotasunaren aurkako talde, guraso hezitzaileak, gazteria…) mantenduko eta koordinatuko dituztela adierazi du. «Desentralizazioa bultzatzen jarraituko dugu. Agintaldi osoan modura, zerbizuak herririk herri hurbitzeko ahalegina egiten jarraituko dugu, ahal den heinean».
Aldi berean, zaintzaileen beharrari ere garrantzia ematea berebizikoa dela jakitera eman du. Besteak beste, ikastaroak eta asistentzia ematen jarraituko dute. «Horiek zaintzen jarraitu behar dugula argi daukagu. Sare indartsu bat sortu nahi dugu, zaintzaileei erantzuna eman eta babesteko». Bide horretatik, Zainduz aldizkariaren ale berria argitaratu dutela ere azaldu du.
Eskualdeko bi amankomunazgoen jarduna jasotzen duen zerbitzu gida bateratua ere aurkeztu dute. Azpimarratu dutenez, bi amankomunazgoak batera azaltzen den estreinako gida da argitaratu dutena.
4.000 bat ale kaleratu dituzte, eta herrietan biztanle kopuruaren arabera banatuko dira. Besteak beste, Lekeitioko eta Ondarroako turismo bulegoetan eta amankomunazgoetan bertan lortu daiteke.