Emakumeen aztarnetan barrena
'Ondarea, emakumeen emaria' lelopean datoz Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondarearen Europako Jardunaldiak. Ondarea genero ikuspegi zabaletik interpretatuko dute, era askotako ekintzen bitartez.Bizkaiko ondare kulturala eratzen duten ondasunen sorkuntzan, t...
‘Ondarea, emakumeen emaria’ lelopean datoz Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondarearen Europako Jardunaldiak. Ondarea genero ikuspegi zabaletik interpretatuko dute, era askotako ekintzen bitartez.
Bizkaiko ondare kulturala eratzen duten ondasunen sorkuntzan, transmisioan, ezagutzan zein artapenean emakumeek egindako ekarpena emankorra izan da.Askotan, baina, gizonezkoen begiradapean hedatu da. Emakumeen garrantziaren jakitun, ondarea generoaren ikuspegitik interpretatzeko aukera eskainiko dute Ondarearen Europako Jardunaldiek.
Ondarea, Emakumeen Emaria lelopean datoz udazkeneko jardunaldiak. Garaian garaiko andreen, ezagunen zein oharkabean pasatutakoen lana erdigunean jarri dute. Bizkaitarrek daukaten nortasunean euren aztarnak aztertuko dituzte.
Hain zuzen, emakumeek Bizkaiaren eraikuntza kulturalean duten esangura ikuspegi «zabaletik, diziplina askotatik eta modu integratzailean» landuko dute jardunaldietan.
Ekarpen emankorra
Historian, politikan, ekonomian edota erlijioan subjektu aktibo moduan izan duten parte hartzea aztertu eta horri buruzko gogoeta egitera bideratuko dituzte bizkaitarrak.
Besteren artean, tradizioaren transmisore eta talde oroimenaren sustatzaile bezala egindako lana aitortzeko aukera dakarte aipatu jardunaldiek.
Borondatez, halabeharrez zein derrigorrez burutu dituzten lanak eta izan dituzten rolak ezagutzeko aukera ere eskainiko dute. Garaian garaiko jendarteak esleitutako jarrera ereduak onartu zituzten ala ez azaldu eta gordetako ezagutzen berri emango dute.
Plaza emankorra izango dira, beraz, udazkeneko ondarearen jardunaldiak. Horren adierazgarri, urria kultur ekitaldiz beteta dator Lea-Artibaira eta Busturialdera. Jardunaldiek 18 urte bete dituzte aurten, eta eskaintza zabala eskainiko dute. «Uste dugu sasoia dela Bizkaian emakumeek eduki duten protagonismoa kontakizun historiko eta kultural integratzaileagoan sartzeko», adierazi dute antolatzaileek.
Bizkaiko 71 udalerritan antolatu dituzte askotariko ekintzak. Horietatik zazpi herri dira Lea-Artibaikoak, eta bost Busturialdekoak. Hala, tokian tokiko udalen zein eragileen lanagaz prestatu dituzte egitarauak.
Erakusketak, hitzaldiak, erakustaldiak zein bisita gidatuak egingo dituzte, eta horietako batzuetan aldez aurretik izena ematea beharrezko da. Izan ere, ekintza batzuetan leku mugatuak daude.
Gogora ekarri dutenez, Bizkaiak Kultura Ondarearen Europako Urtea ospatzen du aurten, eta horri lotuta, urte osoan ere hainbat jarduera ari dira egiten.