Bizkaiko Foru Aldundiak lehiaketara atera ditu Plaiko Zubiko lanak
Bizkaiko Foru Aldundiak bigarren bider atera ditu lizitaziora Ondarroako Plaiko Zubiko lanak, oraingoan, aurrekontu handiagoagaz. Aldundiak 716.000 euro gorde ditu lanetarako. Zubia berritu ezeze, engranaje sistema ere berreskuratu nahi dute.Irailaren ...
Irailaren 19an egin zuten lizitazio deialdia, eta egun hartatik zenbatzen hasita, enpresek 26 egun edukiko dituzte proposamenak aurkezteko. Lehenengo deialdian 300.000 euro gorde zituen aldundiak zubiak lehen zeukan itxura berreskuratzeko, baina enpresa bakarra aurkeztu zen, eta bera epez kanpo. Ondarroako Udalak dioenez, lehengo itxura berreskuratzeaz gain, zabaltzeko aukera eduki beharko luke. Aldundiko Ondare Kultural Sailak bat egin du eskaeragaz, Plaiko Zubia monumentu izendatuta dagoelako, eta aukera bermatuta geratu dadin, gehitu egin du aurrekontua.
Lanen eragina Alamedan
Lanek Alamedan eragina edukiko dute, zubia biratzeko mugimendua galarazi dezaketen elementuak kendu egingo dira eta. Aukeratzen den enpresak bederatzi hilabetean egin behar izango ditu lanak. Egin beharreko guztiak amaitu eta urtebetera aldundiko teknikariek zubia zelan dagoen aztertuko dute. «Bestalde, hiru urtetik behin zubiaren egoera berrikusi beharko litzateke, eta hamabost urtetik behin, margotu», jaso du aldundiak.
Plaiko Zubia oinezkoentzat zarratuta dago 2016ko abuztutik, egitura mugitu egiten zela ikusi zenetik.