Zapatuan izena eman behar da zaldi mando probak lehiatzeko
Ispasterko 33. Zaldi-Mando Proben Sariketa urriaren 12tik 14ra lehiatuko dute. Bertan parte hartzeko asmoa daukatenek izena zapatuan eman behar dute.Udaletxean jarri dute ordua, 13:00etan. Bertaratzerik ez dutenentzat hau da telefono zenbakia: 94-654 2...
Udaletxean jarri dute ordua, 13:00etan. Bertaratzerik ez dutenentzat hau da telefono zenbakia: 94-654 29 99.
Izena ematerakoan, probalariek derrigorrez honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute: zaldi-mandoen jabearen datuak, animaliaren identifikazio zenbakia edota mikrotxipa eta esplotazio kodea.
Ispasterko harriagaz lehiatuko dituzte probak, eta saio guztiak Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundearen ordezkariek kontrolatuko dituzte.
Abereen oinarrizko pisua 400 kilotan ezarri dute, eta saio bakoitza hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte.
Txapelketan lehenengo zortzi sailkatuak sarituko dituzte, eta horrez gain, eskualdeko lehenengo hiru sailkatuentzat ere sariak egongo dira. Azken horiek banatzeko, gutxienez, Lea-Artibaiko hiru partaide egon beharko direla jakitera eman dute.
Beste alde batetik, saririk jaso barik gelditzen den probalariren batek irabazlearen markaren %70 eginez gero, 300 euro jasoko lituzke.
Manta eta txapelagaz batera, irabazleak 750 euro jasoko ditu, eta txapeldunordeak, berriz, 650 euro. Eskualdeko onenarentzat, bestalde, 120 euroko diru saria egongo da.