Xemeingo udaletxea eraberritzeko lanen bigarren fasea hasi dute
Arotzeria, iturgintza eta elektrizitate lanak egin eta aerotermia berogailu sistema ezarriko dute. Eraikina obretan egoteak aldaketak eragin ditu San Migel jaietako azpiegituretanArretxinagan dagoen Xemeingo udaletxe zaharra biziberritzeko bigarren fas...
Arotzeria, iturgintza eta elektrizitate lanak egin eta aerotermia berogailu sistema ezarriko dute. Eraikina obretan egoteak aldaketak eragin ditu San Migel jaietako azpiegituretan
Arretxinagan dagoen Xemeingo udaletxe zaharra biziberritzeko bigarren faseari ekin dio Markina-Xemeingo Udalak. Bigarren zati horretan gelak banatu, arotzeria, elektrizitate, iturgintza lanak gauzatu eta aerotermia berogailu sistema ezarriko dutela azaldu dute udal ordezkariek. «Bigarren fase hori urtarrilerako amaituta egotea espero dugu», esan dute.Eraikina guztiz eraberritu eta erabilgarri egotea izan da udalaren asmoa. Horrela, teilatua konpondu, eraikinaren barrua hustu eta inguruko txabola eta eraikinak bota zituzten lehenbizi, eta barruko aldea konpontzeko lanekin hasi ziren ondoren. Lehen fasean igogailu bat jarri eta komun berriak egin dituzte. Horrez gain, iriste erraztasuna bermatzeko beherengo solairuko lurra berdindu dute.
Aldaketak sanmigeletan
Udalak jakitera eman zuenez, herriko musika eskola bertan kokatzea da asmoa, eta ikasturte honetarako eskolak bertan eman ahal izatea zuten helburu. Bestalde, Arretxinagako San Migel jaietarako lanak amaituta egotea nahi zuten, baina obrak amaitu barik daude oraindik. Hori dela eta, Arretxinagako jaiak asteburuan izanik eta eraikina oraindik obretan egonda, beste irtenbide batzuk bilatu behar izan dituzte Arretxinagako Jai Batzordeak jaiak aurrera eramateko aukera izan dezan. «Obrak direla-eta eraikina ezin da erabili, obra eremua den heinean segurtasun neurriak bete behar dira eta».
Probalekuko eremua estali egingo dute karpa bategaz, eta txosna bat jarriko dute bertan. Beste txosna bat ere egongo da plazan, sukalde funtzioa beteko duena, eta komun kimikoak jarriko dituzte erreka ondoko horman. Agertokia behean kokatuko dutela ere zehaztu dute udal ordezkariek. «Eraikin ondoko karkaba biltegi modura erabiliko dute, kanpoko aldean egonda erabili daiteke eta».
Goiko eta beheko txosna eta karparen muntaia udalaren ardura izango dela azaldu du udalak, eta ermitaren kontra aldagela batzuk ere jarriko dituztela gaineratu dute, «emanaldietako aktore eta musikariek erabili ahal izateko».