Martxan jarri dute Muruetako portua eraberritzeko proiektua
Muruetako Udalak eta Euskadiko Itsasbazter Mugaketen Sailak elkarlanean prestatu dute proiektua. Helburu «didaktiko eta kulturala» izango dute lanekMuruetako Udalak herriko ontziolen ondoan kokatuta dagoen portu txikia edo karga tokia zaharberritzeko...
Muruetako Udalak eta Euskadiko Itsasbazter Mugaketen Sailak elkarlanean prestatu dute proiektua. Helburu «didaktiko eta kulturala» izango dute lanek
Muruetako Udalak herriko ontziolen ondoan kokatuta dagoen portu txikia edo karga tokia zaharberritzeko proiektua aurkeztu du Euskadiko Itsasbazter Mugaketen Sailagaz batera.Dinamita ezizenagaz ezaguna, Urdaibaiko itsasadarraren barruan zegoen portu bakarra zen Muruetakoa, eta «ondare historiko industrial garrantzitsua» dela adierazi du Jabier Ondarza Muruetako alkateak. Herriarentzat horren leku interesgarria galdu ez dadin jarri dute martxan gunea eraberritzeko egitasmoa, helburu «didaktiko eta kultural» bati jarraituz.
Portua kokatuta dagoen lursailaren arduradunek 2015. urtean uko egin zioten jabetzari, eta Euskadiko Itsasbazter Mugaketen Sailaren eskuetan geratu ziren.
Ordutik aurrera, Muruetako Udalak gunearen kontserbazio eta mantentzeari ekiteko gogoa azaldu zuen arren, oraintsu arte ez da iritsi Itsasbazter Mugaketekin akordio batera. Adostu dutenez, Itsasbazter Mugaketak hartuko luke portua eraberritzeko lanen ardura, eta hori eginda, etorkizunean gunearen mantentze lanak udalaren eskuetan egongo lirateke. Eraberritze lan horien barnean, portua kokatuta dagoen gunea egokitu eta kontserbatzeko lanak egitea aurreikusi dute. Horretarako, portuak dituen elementu nagusiak aztertzen dituen txosten bat prestatu du udalak, eta bertan nabarmentzekoak diren ezaugarriak zerrendatu ditu.
Berrikuntza nagusiak T formako bi ontziratzeko lekuetan egingo dituzte. Txostenean nabarmendu dutenez, 11×2 metroko neurria duten hormigoiz egindako bi eraikuntza horiek portuko ezaugarri nagusia dira, eta bertatik kargatzen zituzten langileek porturatutako gabarrak. Horiek berriztu eta oinarria indartzeko obrak egingo dituzte, bisitariak arazorik barik bertatik ibili daitezen.
Udalak adierazi duenez, ontziralekuetako bat egoera «oso txarrean» dago, eta ez dago argi mantentzea posiblea izango den. Hala ere, eraikuntza eraistea «azken irtenbidetzat» daukate, eta ahal duten guztia egiteko asmoa daukate bi ontziralekuak era egoki batean zaharberritu eta mantentzeko.
Ontziralekuen alboan dagoen biltegiratzeko eraikina ere berriztatutako dutela eman du aditzera alkateak. Zehaztu duenez, eraikinaren hormak bertan behera botatzea aurreikusi dute, eta, horrela, inguruak behatzeko aterpe itxura emango diote. Aterpean portuaren inguruko informazioa eskainiko duen panel informatiboa ere jarriko dute, hurreratzen diren bisitariei ondare horri buruzko testuingurua azaltzeko. Biltegiaren inguruan zegoen estalpearen aztarnak babestuko dituztela azaldu du Ondarzak, portuak zer nolako tamaina zeukan argi uzteko asmoz. Muruetako karga tokia gaur egun ikusten dena baino «askoz gehiago» zela adierazi du, eta egingo duten paisai egokitzapenean gunea ahalik-eta errespetu handienagaz berriztatu eta babesteko asmoa erakutsi du.
Azkenik, ontzitegiaren aztarnak ere mantenduko dituztela zehaztu du alkateak. Horrez gain, portuko horma guztian dauden burdinezko uztaiei garbitzeko tratamendu bat emango diote.
Proiektuaren aurrekontua 154.986,71 eurokoa izango dela aurreikusi du udalak, baina diru laguntza gehiago jasotzeko itxaropena daukatela jakinarazi du proiektua Bizkaiko Foru Aldundiari aurkeztu diote.
Gune kulturala
Portua eraberritzeko lanez gain, udalak gune hori herriagaz lotzeko asmoa duela adierazi du. Gaur egun gunera iristeko bidea ez da aproposa, eta hori konpondu egin nahi dute. Horretarako, Murueta eta Gernika-Lumo batzen dituen Urdaibaiko itsasadarraren ondotik igarotzen den pasabidea portua dagoen guneraino luzatzeko proposamena egin dute. Pasabide horren bitartez, biztanleriari portura era erraz batean sartzeko aukera eskaini nahi dio udalak.
Aldi berean, itsasadarreko gune hori leku kulturala bilakatu nahi dute. Portua bisitatzeaz gain, Busturiko zeramika fabrikan lanak egiteko erabiltzen ziren labeak eta tximiniak inguru horretan daudela aprobetxatuko dute, elementu guztiak ibilbide berean batuz. Horrela, Urdaibaiko historiaren zati bat ezagutzera emango dute, «leku pribilegiatu» hori publikora zabalduta. Portuan bezala, beste elementuentzako informazio guneak jarriko dituzte.
1902an jaiotako portua
Portua 1902. urtekoa da. Trenbidea Sukarrietaraino iristen zenean Galdakaotik ekartzen zituzten lehergaiak ahalik-eta modu seguruenean garraiatzeko bide bezala sortu zuten. Muruetatik Arketaraino eramaten zuten dinamita gabarren bitartez. Eta handik itsasontzietan garraiatzen zituzten aipatu lehergaiak hainbat lekutara: Bilbo, Santander edo Bartzelonaraino. Hasiera batean, portua egurrezko eraikuntzekin eginda zegoen.
1937an, lehergaien garraioa arindu eta errazteko asmoz, portua eraberritzeko lanak hasi zituzten. 60ko hamarkadan, errepideetako azpiegitura modernoekin batera, lehergaiak kamioiz garraiatzen hasi ziren, eta portua bertan behera geratu zen.