Gernika-Lumon hasiko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Lehen kanporaketa urriaren 6an lehiatuko dute Lizeo Antzokian, eta azkena, berriz, Berriatuko Mendibarren frontoian, azaroaren 4an. Abenduaren 15ean izango da finala2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Gernika-Lumon hasiko da. Lehenengo kanporaketa ur...
Lehen kanporaketa urriaren 6an lehiatuko dute Lizeo Antzokian, eta azkena, berriz, Berriatuko Mendibarren frontoian, azaroaren 4an. Abenduaren 15ean izango da finala
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Gernika-Lumon hasiko da. Lehenengo kanporaketa urriaren 6an (Euskal Jaia) lehiatuko dute, Lizeo Antzokian.17:00etan hasiko da saioa, eta Busturialdeko ordezkari bi egongo dira: Asier Galarza Garai muxikarra eta Julen Erezuma Arzanegi gernikarra. Horiekin batera Garikoitz Sarriugarte Onaindia zaldibartarra, Imanol Uria Albizuri algortarra, Ion Barrocal Besga trapagarandarra eta Paule Ixiar Loizaga Legarra sopelarra igoko dira taula gainera.
Bosgarren eta azken kanporaketa, berriz, Berriatuko Mendibarren frontoiak hartuko du azaroaren 4an. Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra eta Lander Ibarluzea Bikandi etxebarritarra bertan ariko dira, Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarragaz, Asier Alcedo Cano portugaletearragaz, Itxaso Paia Ruiz algortarragaz eta Oihana Bartra Arenas bilbotarragaz batera.
Hiru fase
Txapelketako udazkeneko fasean bederazi bertso saio egingo dituzte, hiru fasetan banatuta: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala. Hain zuzen, abenduaren 15ean lehiatuko dute finala, Bilbon.
Udazkeneko fasea bost kanporaketagaz hasiko da. Saio bakoitzean seina bertsolari egongo dira; Udabarriko fasetik sailkatutako 29 bertsolariak eta Bartra (2014ko txapelketaren finalista izategatik). Aipatu 29 bertsolarien artean daude Galarza, Erezuma, Amillategi, Aramendia, Ibarluzea, Ander Elortegi Garatea natxituarra eta Julen Ibarguengoitia Ordorika gernikarra.
Ondoren, hiru finalaurreko lehiatuko dituzte; seina bertsolari ariko dira bakoitzean. Bost kanporaketen irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalerdietara, eta haiekin batera, puntuazioaren arabera sailkatuko dira beste bost bertsolari.
Era berean, 2016ko txapelketako zortzi bertsolari finalistak ere fase horretan sartuko dira lehian; zortzikote horretan daude Onintza Enbeita Maguregi muxikarra, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia gernikarra, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarra eta Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra.
Finalaurrekoetako hiru irabazleak zuzenean sailkatuko dira abenduaren 15eko finalera, eta gainontzeko bost bertsolari finalistak puntuazioaren arabera sailkatutakoak izango dira.
Kanporaketetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioetako egunetan txarteldegietan ere eskuratu ahal izango dira, 16:00etatik aurrera. Halaber, aurten ere saio guztietarako bonua egongo da eskuragai. Bonuak kanporaketa eta finalaurreko guztietarako balioko du; ez, baina, finalerako.
2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako aukeratu duten irudia baso koloretsu bat da. Mezua, berriz, Maite Berriozabal Berrizbeitia berriztarrak egin du. Berriozabalek urteak daramatza gai jartzaile taldean, «ekosistemako enbor sendo batean».
Lan talde teknikoa
Bertsotan ez ezik, txapelketaren talde teknikoan ere badaude Busturialdeko eta Lea-Artibaiko ordezkariak. Gai jartzaile ariko dira Leire Garatxena Larrabe ajangiztarra eta Zihara Enbeita Gardoki gernikarra. Epaile taldean daude Mirari Azula Aurrekoetxea lekeitiarra eta Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa eta Moises Enbeita Ealo gernikarrak.
Bestetik, Maddi Ibaibarriaga Zubikarai markina-xemeindarra komunikazioa lanetan ari da, bai eta antolakuntza taldean ere Enbeitagaz eta Jone Antsotegi Ikazuriaga aulestiarragaz eta Itziar Basterretxea Olarreaga ondarrutarragaz batera.