Pilotan gazteak hezitzeko, eta hauen bizitasunagaz Busturialdeko frontoiak berpizteko helburuagaz sortu dute aurten Ekin Urdaibai Pilota Elkartea. Pilotak kirola praktikatzeko aukera emateaz gain, bestelako hezkuntza bultzatu dezakeela jakina da; talde lana bultzatu dezake, bai eta euskara sustatu ere, edota herriko aktibitatea suspertu. Eta hori da, hain zuzen, Ekin Urdaibairen asmoa, pilotagaz bestelako herri ekintzak bultzatzea.
Jarduera fisikoaren bidez
hainbat balio barnera daitezke; errespetua, onarpena eta lankidetza besteak beste. Horiek bultzatu asmoz,
zapatu goizetan 11:00etatik 12:00etara arte Kortezubiko frontoian pilotan jolasteko batuko dira
urriaren 6tik aurrera. Parte hartu nahi izanez gero, 696 67 91 57 telefono zenbakira deitu behar da.
Hamar urtez ibili dira gazteak Kortezubiko frontoian pilotan entrenatzen. Kluba egon da orain arte Kortezubin, eta herri zein Bizkaia mailan lehiatu dute pilotariek. Aurten, baina, elkartea sortzea erabaki dute, eta herriari ekintza eta zerbitzu berri bat ematea. Orain,
pilota “denon eskura” dagoen aktibitatea izatea gura dute, aspektu ludikoaren eta fisikoaren bidez gazteak heziketa integral batean garatzea hain zuzen. “Orain arte zapatu guztietan aktibo mantentzearen alde ekinean ibili gara, entrenamenduak antolatzen eta pilota partiduak jokatzen. Helburu hori, gure asmoetatik urrundu da, eta herrian zerbitzu bat eman nahi izan diegu inguruko herritarrei”, aitortu dute arduradunek.
Kirola egitera bultzatu ez ezik, gazteak hezitu ere egingo dituzte. “Jarduera fisiko eta osasunaren praktikak bultzatuko ditugu, herri aktibitatea berpiztu eta euskal pilotaren ondarea mantenduko dugu, baita euskararen sustapena bultzatu ere”. Hori horrela, era sozialean eta integratzailean “elkarrekintza soziala” bultzatuko du elkarteak.
Oinarrizko ezagutza. Erresistentzia, abilezia, abiadura, koordinazioa, oreka, indarra eta flexibilitatea dira landuko dituzten aspektuetako batzuk. Bereziki gazteei zuzendutako ekintzak egingo dituzte zapatuetan, gazteak pilotan hezitzera bideratuko baitituzte orduak. “Gure ikasleen adina ez da izango garrantzitsua, oinarrizko gaitasunak landuko ditugu eta”.
Hezkuntza ekintzaren oinarrizko elementuak gorputza eta giza mugimendua direla jakinarazi dute, eta mugimendu jarduerekin eta gorputz kulturako elementuak barnerayzearekin lotutako ahalmenak garatuko dituztela aitortu dute.